Udan Irunen gozatzeko planak

Irungo Udalak, Bidasoa bizirik-en bidez, eskuorri bat argitaratu du aurten ere, udan gure hirian egin beharreko ezinbesteko planen berri emateko. Programa honen bidez, labur-labur eta modu bisualean erakutsi nahi dira gure hirian uztail-abuztuetan eskaintzen diren bisita gidatuak, bai eta intereseko naturaguneak ere, hala aste hauetan gurera etorriko diren bisitarientzat nola oporrak Irunen bertan pasatuko dituzten irundarrentzat.

Informazio guztia eskuorri batean bildu da, eta ostiral honetan haren berri eman du prentsaurreko batean Ekonomia eta Ogasuneko ordezkari eta Bidasoa bizirik-eko presidente Miguel Ángel Páezek: «Udan, hiria ez da gelditzen, eta udako eskaintza oparoa dakargu bisitarientzat eta oporraldia hemen igaroko duten irundarrentzat: kulturaren eskutik gozatzeko aukera ematen duten bisita gidatuak, naturaguneak eta tokiko oso sektore garrantzitsu batzuk, hala nola merkataritza edo ostalaritza. Proposamen sorta ederra dugu, zorionez, eta Irun bisitatzea oso esperientzia erakargarria izango da hari esker, hainbeste mugimendu egoten den data hauetan».

Aurreko urteetan esperientzia onak izan ondoren (uda bakoitzean bataz beste ehunen bat bisita) berriz ere hirian bisita gidatuak antolatzeko ekimena itzuli da. Horrela, bada, uztailaren 14tik abuztuaren 27ra, asteazkenero, 11:00etan, eta ostiralero, 17:00etan, bisitaldiak aterako dira Junkaleko elizatik, eta parrokia, Oiassoko erromatar ingurua, Urdanibia plaza, Ama Xantalen eta udaletxea bisitatu ahal izango dira. Bisita gidatuak bi orduko iraupena izango du eta prezioa 2 eurokoa da pertsona bakoitzeko (12 urte arteko haurrek, doan). Informazio gehiago eta izen ematea 943 020 732 telefonoan edo www.bidasoaturismo.com helbidean.

Bisita gidatuen atala osatzeko, beste proposamen ezagunago batzuk ere badaude uda honetan  itzuli direnak. Adibidez, Oiasso Erromatar museoak udako igandeetan (11:00h.) ohiko irteerak programatuko ditu museotik bertatik, Ama Xantalen nekropolia ezagutzeko, hirian zehar egingo den tour bat barne, hiriaren iragan erromatarrarekin zerikusia duten aurkikuntzak ezagutuz. Honako hauek dira prezioak: 5,50 euro (14 urtetik gorakoek); 3,85 euro (6-14 urte bitartekoek) eta 6 urtetik beherakoek doan.

Era berean, Irugurutzetako meatzeen historia ezagutu nahi dutenek izena eman ahal izango dute. Kasu honetan, uztailean eta abuztuan, irteerak ostiral eta larunbatetan daude programatuta, 11:00etan eta 17:00etan. Prezioak: 5,50 euro pertsona bakoitzeko. 6-14 urtekoentzat: 3,85 euro eta 6 urtetik beherakoentzat doan izango da. Bisita 'IrunBerdea-Irugurutzeta' mugikorreko aplikazioarekin osatu daiteke.   Ama Xantalen eta Irugurutzeta bisitatzeko erreserbak Oiasso Erromatar Museoan: 943 639353

Irun Berdea

Proposamenen paketea Lapurriturriko informazio gunearekin osatzen da. 10 urtetik gora darama bisitari guztiei parkea ezagutzera ematen  eta horretarako, hainbat jarduera egiten dira denboraldi osoan. Udaberrian, udan eta udazken hasieran jarduerak programatzeaz gainera, informazio guneak berak informazioa ematen die bisitari guztiei, paperean, eta parke naturalari buruzko azalpenak ere ematen dizkie, ibilbideei eta inguruko turismo eskaintzari buruz ere bai. Horrez gainera, informazio hau ere ematen dute. Lapurriturrik hainbat jarduera antolatzen ditu aldizka, hango flora eta fauna ezagutzera emateko. Informazio gunean arretarako ordutegia ondorengoa da: ekainetik urrira arteko asteburuetan eta uztail eta abuztuko jai egunetan goizeko 10:00etatik 14:00etara.

Aurtengo udarako hiru hizkuntzatan (euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez) argitaratu den liburuxkan jasota dator hirira, Ama Xantalen baselizara eta Irugurutzetara tren berdean bisita gidatuak egiteko informazio guztia; Irungo interes-tokietan eskuratu ahal izango da, esaterako,  Luis Marianoko turismo-bulegoan. 

Triptiko hori osatzeko, beste turismo-baliabide garrantzitsuei buruzko informazioa ere ematen da, hala nola Txingudi Ekoetxeari buruz. Plaiaundiko parke ekologikoaren sarreran dago zetroa, eta bisitariek informazio-mota oro aurkituko dute bertan, bai Plaiaundiri buruz bai badiari eta Txingudiko Plan Berezian sartutako natur guneei buruz. Txingudiko Ekoetxeak egunero irekitzen du, 10:00etatik 14:00etara, goizez, eta 16:00etatik 19:00etara, arratsaldez. Triptiko honekin batera datorren beste baliabideetako bat iaz jarri ziren zazpi panel informatiboak dira; hiriaren historiari buruzko azalpenak ematen dituzte eta Bidasoa ibaiaren ertzetik ibiltzera gonbidatzen dute. Jardueren eskaintza hauei buruzko argibide gehiago, eta hiriko baliabide turistikoen xehetasun gehiago udalaren web orrian kontsultatu daiteke www.irun.org.

Irungo udaletxea ezagutzeko doako bisita gidatuak

Hiriaren luze-zabaleko plan horien guztien artean, Irungo Udalak Bidasoa bizirik-en bidez maiatzean abian jarritako beste bat gehitu behar zaie: hileroko azken larunbatean udaletxea ezagutzeko egiten diren bisita gidatuak. Orain artean egin diren bi bisitetan 47 parte-hartzaile izan ditugu orotara.

Zehazki, bi bisita egiten dira (11:00etan euskaraz eta 12:00etan gaztelaniaz), eta udaletxeko areto nagusiak bisitatzen dira. Doako jarduera horretan parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete 943 02 07 32 telefono-zenbakian edo Luis Marianoren lorategietako turismo-bulegoan. Jardueraren iraupena ordubetekoa da gutxi gorabehera, eta topagunea San Juan plaza da, bertatik abiatuko baita bisita. Datozen bisitak uztailaren 30ean, abuztuaren 27an eta irailaren 24an egingo dira.

Hotelen okupazioari buruzko datuak

Azkenik, nabarmentzeko moduko datu bat: hotelen okupazioa maila interesgarri batean dago azkenaldian. Horrela, ekainean, uda hasieran, Irungo hotelek % 88,65eko okupazioa izan dute, hau da, pandemia aurreko urteetako datuak 10 puntu baino gehiago igo dira.

X