San Juaneko ingurune berria mugitzen hasi da

Irungo Udalak jakinarazten du datozen egunotan jarriko direla abian San Juan eremuko lehen mugimenduak, hiriaren erdigunea emisio baxuko eremu bihurtzeko prozesuaren barruan (jarduketa honen eta beste batzuen bidez lortu da hori).

Zehazki, aste honetan motorren eremua balizatzen ari dira, obren instalazio osagarrietarako (etxolak, biltegiratze-eremuak, etab.). Oraingoz, aparkaleku horren atzeko aldea erabil daiteke oraindik, baina aurrerago eta obraren beharren arabera, baliteke itxitako eremua zabaldu behar izatea. Lehen fasea da hau, eta lanek aurrera egin ahala egingo diren urratsen berri emango dugu, bai eta sortzen diren afekzioen berri ere.

Borja Olazabal Mugikortasuneko ordezkariak nabarmendu duenez, «Udalean prest gaude urrats sendoak egiteko, hiriaren erdialdean egindako lehen esku-hartze honekin. Konpromiso argia dugu oinezko mugikortasunaren eta espazioetan airearen kalitatea hobetzearen alde, gune lagunkoi eta jasangarriagoak izateko, berdegune gehiagorekin».

Bestalde, Cristina Laborda Obretako ordezkariak honako hau adierazi du: «honelako esku-hartzeetan funtsezkoak diren irizpideen arabera jokatzen jarraituko dugu: irisgarritasuna lehenestea, paseko trafikoa saihestea, sozializatzeko aukera handiagoa ematen duen kale lagunkoiaren eredua sendotzea eta oinezkoaren protagonismoa aldarrikatzea, oinezkoak baitira benetako gakoa, mugikortasun guztiz jasnagarria, segurua eta osasungarria izango badugu».

Datorren asteartetik aurrera (uztailak 26), Legia kaleko lanak hasiko dira, Foru kalearekin gurutzatzen den eremuan. Gutxi gorabehera Legia kalearen erdia da hori eta, oraingoz, 3.eko ibiei baino ez die eragingo. Gainerako ibien erabiltzaileak Pikoketa kaletik sartu eta irten beharko dira. Hau da, kalea bi norakoetan erabili ahalko da, eta aparkaleku guztiak kenduko dira, ibilgailuak pasatu ahal izateko. Hortaz, obraren fase honetan, ezingo da Legia kaletik Foru kalera sartu, eta irteerarik gabeko kale itsu gisa geratuko da Legia kalea.

Foru kaleak norako bakarra du orain, jaistekoa. Ondorioz, Legia kaleko zirkulazioa moztuta, ez legoke Foru kalera sartzeko modurik. Beraz, behin-behinean, Foru kalean ere bi norakoetan zirkulatuko da, eta aparkaleku batzuk kenduko dira, biratzeko maniobrak egin ahal izateko. Foru kaleko aparkalekuetan 3. eremuko egoiliarrek bakarrik aparkatu ahalko dute (eremu zuria). Horrekin batera, Foru kaleko aparkalekuen murrizketaren ondorioz, uztaileko azken aste honetan Pikoketa kaleko aparkatzeko plazak zuriz margotzen hasiko dira, hau da, egoiliarren aparkalekuak identifikatzeko kolorearekin. Proiektuan aurreikusi bezala, hitz emandako aparkatzeko tokiak gaituko dira, obrak aurrera egin ahala, Artaleku, Joaquín Gamón, Aldapeta eta Pikoketa kaleetan (57 plaza).

Bestalde, Foru kalea ezingo da zamalanetarako erabili eta, kontuan izanik Kale Nagusiko zamalanetarako eremua ere murriztuta dagoela Foru kaleko 3.ean egiten ari diren obra pribatuaren ondorioz, handitu egingo da Berrotaran kaleko zamalanetarako eremua, hala ordutegiari dagokionez (goizez eta arratsaldez) nola espazioari dagokionez (azalera handiagoa izango du).

Obren deskribapena

Oinarrian, abian jarritako proiektuaren xedea San Juaneko eremu osoa berrantolatzea da, zona guztia maila berean jarrita, koskarik edo goragunerik gabe, eta oinezkoentzako eremuen eta oinezkoek lehentasuna duten guneen ikuspegia indartuko duten zoladurak erabilita.  Plazatxoan, egoteko eremuak sortuko dira, zuhaitzez edo berdegunez hornituak, San Juan plazan dagoeneko badauden eremuei segida emateko. Aparkalekuak kenduko dira, baina egoiliarrek aparkatzeko lekuak sortuko dira inguruko kaleetan, lehen azaldu bezala.

Horrela, oinezko mugikortasuna eta espazio lagunkoiak indartuko dira jarduketa honen bidez, emisio baxuko eremuak sortzeko helburuei jarraikiz. Izan ere, eremu horiek nahitaezkoak izango dira 50.000 biztanletik gorako hiri guztientzat, 2023tik aurrera, Klima Aldaketaren eta Trantsizio Ekologikoaren Legeak xedatutakoaren arabera.

Proiektua Otegui-Gaztañaga SL enpresari esleitu zaio, ia milioi eta erdiko aurrekontuarekin (1.489.378,56 euro), eta 12 hilabeteko exekuzio-epea du. Jarduketa «Emisio baxuko eremuak ezartzeko eta hiriko garraioaren eraldaketa digital eta jasangarria bultzatzeko udalerrientzako laguntza-programaren» esparruan garatu da, eta Europar Batasuneko kofinantzaketa jaso du, NextGenerationEU funtsen bidez, 600.000 euro inguruko zenbatekoarekin.

X