Abian da musika ikerketako Iñigo Muguruza bekaren bigarren edizioa

Santi Jiménez Hezkuntzako ordezkari eta Musika Eskolako presidenteak jakinarazi du Iñigo Muguruza bekaren bigarren edizioaren oinarriak argitaratu direla. Ekimen horrekin, Irungo Udalak artista irundar ezagunari omenaldi bat egin nahi dio, bai eta musikari egin zion ekarpena gogora ekarri ere.

«Lehen deialdian Asier Suberbiolak eginiko lan bikainaren ondoren, bueltan da beka, euskal esparruko musika modernoarekin lotutako ikerketa sustatzeko eta Iñigo Muguruza gogoan izateko», adierazi du Santi Jiménez ordezkariak.

Deialdi honen bidez, Irungo Udalak ikerketa/ekintza proiektuak sustatu nahi ditu, euskal esparruko azken hamarkadetako musika modernoarekin lotuta. Bekari Iñigo Muguruzaren izena eman zaio, irundar horrek musikari, konpositore eta Irungo Udalaren Musika Eskolako irakasle gisa egin zuen lan handia nabarmentzeko.

Ikerketa-lana osatzeko 8 hilabeteko epea izango du hautagai irabazleak, esleipena egiten den momentutik aurrera zenbatuta. Entregatu beharreko azken emaitza askotarikoa izan daiteke, formatuari dagokionez: proiektua, prozesua edo ekintza (dibulgaziorako materiala, lankidetzako prozesuak, parte-hartze bidezkoak...). Bekak 9.000 euroko zuzkidura du.

Norentzat da?

Beka hau eska dezakete pertsona fisikoek, banaka edo berariaz osatutako taldeetan. Taldeen kasuan (nortasun juridikorik gabeko pertsona fisikoen taldeak), ikerketa-lanaren zuzendari arduradun bat izendatuko da.

Proposamena aurkezteko epea abuztuaren 8ra arte egongo da irekita. Deialdiaren oinarriak eta entregatu beharreko materialak eta inprimakiak Udalaren webgunean daude eskuragarri esteka honetan, gainerako informazio guztiarekin batera.

Irungo Udalak hainbat ikerketa-beka antolatzen ditu urtero. Iñigo Muguruzaren omenezko beka honetaz gain, hor daude beste batzuk ere: Serapio Múgica artxiboko bekak, euskarari buruzko Loidi beka, tandem estiloko Ribera bekak, Gazteartean gazteentzako bekak eta, berrikiago, berdintasunaren inguruko Julia Iruretagoyena beka.

X