Ayuntamiento de
Buscador

Udaltzaingoak prest du San Pedro eta Sanmartzialetarako plana

Sanpedro eta sanmartzialen hasiera ofizialaren bezperan, Cristina Laborda Udaltzaingoko ordezkariak bere arloak abian jarritako neurri nagusien berri eman du.

«Seguruenik, urte guztian kalean jarduera gehien egiten diren egunak ditugu aurrean.  Bi urte izan dira jairik gabe, eta jendea ateratzeko eta senide eta lagunekin gozatzeko irrikan dago. Horregatik, Udalak bizikidetza eta errespetua jaiarekin uztartzeko zabaldu dituen mezuez gain, Udaltzaingoak denbora bat darama protokolo bat prestatzen, ekitaldiak behar bezala doazela bermatzeko eta, edozein gorabeherari aurre egin behar bazaio, lehenbailehen erantzuteko, gainerako larrialdi-zerbitzuekin koordinatuta», esan du Cristina Labordak.

Udaltzaingoak prestatutako protokolo guztia Babes Zibileko planaren aktibazioaren barruan kokatzen da. Eguneratu ondoren, iaz jarri zen indarrean plan hori, eta jasota dauzkan gertakarietako bat da gizatalde handiak pilatzea edo ekitaldi handiak egitea, eta, hain zuzen, horixe gertatuko da sanpedro eta sanmartzialetan. «Plana aktibatuta, arau-esparru bat dugu segurtasun-kontuetan baliabideak mobilizatzeko, larrialdi-zerbitzu guztiek osatutako aginte bakar baten bidez eta Ertzaintzarekin koordinatuta. Aurrerapauso itzela da koordinazioari eta plangintzari dagokionez», adierazi du Cristina Labordak. 

 

Geolokalizazioa

Ildo horretan, ordezkariak jakinarazi du barne-erabilerako aplikazio bat sortu dela Hirigintza arloko geolokalizazio-zerbitzuarekin elkarlanean, eta lagungarri suertatuko dela larrialdi-zerbitzuen eguneroko lanerako. Cristina Labordak azaldu duenez, «tresna informatiko horrek egun bakoitzean Irunen egingo diren jai-jarduera guztiak mapan kokatuta izango ditu, orduak ere adierazita. Baina, horrez gain, datu gehiago ere jasoko ditu: markatutako segurtasun-perimetroak, bideratu diren giza baliabideak edo beste gai garrantzitsu batzuk, hala nola suhiltzaileentzako hornidura-puntuen kokalekua; aukera ematen du, halaber, puntu estrategiko guztien egoera ikusteko egunaren eta orduaren arabera eta kontrol-koadro bakar batean, beharrezko datu guztiak pantaila bakar batean zentralizatuta».

.

Udaltzaingoko ordezkariak gaineratu duenez, «badakigu zero arriskua ez dela existitzen, baina kontrol-panel honek erantzuteko gaitasun hobea eskainiko digu». Gorabehera edo arazoren bat gertatzen bada, planoaren gainean ikusiko dira,  eskuragarri dauden baliabideak. Jaietan, jarduera ugari daude programatuta hiriko zenbait puntutan, eta esfortzu handia eskatzen diote Udaltzaingoari, batik bat pertsonen kudeaketari dagokionez, eta tresna honi esker modu eraginkorrago batean zuzendu ahalko da. Gainera, beharrezko momentuan zerbitzu asistentzialak elkarrekin egotea erantzun bateratu baten mesederako izango da.

«Espero dezagun erabili beharrik ez egotea, baina unea iristen bada ahalik eta prestatuen egon nahi dugu, pertsonentzako arriskua dakarten egoerak suertatuko balira ere, batik bat indarkeria matxistaren mehatxuren aurrean», esan du Cristina Labordak. 

Koordinazio-lan horri dagokionez, ordezkariak Ertzaintzarekiko lankidetza nabarmendu du bereziki. «Lan bateratua funtsezkoa da, are gehiago horrelako egunetan, eta aurreko astean bilera oparo bat izan genuen Eusko Jaurlaritzako sailburuordetzarekin, jaiegun hauetarako protokoloa osatze aldera».

 

Herritarren kolaborazioa

Cristina Labordak udaltzainen lana ere goraipatu du: «urte guztian bezala, eskertzekoa da egiten duten lana, are gehiago egun hauetan, Udaltzaingoak esfortzuak areagotzen ditu eta, dena normaltasun osoz joan dadin, beti ere jai-giroko testuinguruan ulertuta, noski. Garrantzitsua da, halaber, herritar guztiok geure ekarpena egitea eta ordenantzak betetzea, jokamolde eta jarrera egokiekin. Azken batean, zentzuz jokatzea besterik ez da, bizikidetzaren eta bizilagunen arteko errespetuaren alde». 

X