Alkatearen Bandoa: 2022ko San Pedro eta San Martzial
Iristear daude urteko egunik onenak: San Pedro eta San Martzial. Azken bi ekainetan ospatu ezinik egon gara, eta aurten berriz ere gure jaiak biziko ditugu, akaso azkenaldian gogo handienarekin itxarondako jaiak.
Berriz ilusionatzeko eta gozatzeko garaia da. Txuriz, gorriz eta beltzez janzteko garaia, maiteen ditugun jaien musikarekin berriz ere disfrutatzeko garaia! Sanpedro eta sanmartzialen garaia da!
Modurik onenean gozatuko dugu, erantzukizun pertsonal eta kolektiboan oinarrituta eta, ildo horretan, mezu hauek helarazi nahi dizkizuet irundar guztiei:
LEHENA-- Oraindik ez dugu COVID-19a garaitu, baina harekin bizitzen ikasi dugu. Manten eta errespeta ditzagun oraindik ere bete beharrekoak diren gutxieneko arauak, hala nola maskara erabiltzea garraio publikoan, espazio soziosanitarioetan eta farmazietan.
BIGARRENA-- Urte berezia da hau, eta Irun inoiz baino ederrago egon behar da. Horregatik, herritarrei gonbita egiten diet beren leiho eta balkoiak festaren koloreekin eta hiriko banderarekin apaintzeko, bai eta jaietako programako ekitaldietan gogoz eta pozik parte hartzeko. Gainera, bisitarientzako anfitrioi onak izateko deia luzatzen dizuet, sanmartzial garaiko Irunen oroitzapen onarekin gera daitezen.
HIRUGARRENA-- Gure jaiak bizi eta ulertzeko askotariko moduak daude, nork bere une bereziak eta kuttunak ditu. Iritzi guztiak errespetatu behar dira. Bi urte joan zaizkigu sanmartzialik gabe, eta sumatu dugu haien falta. Aurten, beraz, bizi dezagun enpatiaz eta errespetuz kalera berriz irtetearen ilusioa. Nork bere modura. Guztiok sentimendu berarekin.
LAUGARRENA-- Sanmartzialetako ospakizunak ahal bezain ondo joan daitezen, arduraz jokatu behar dugu guztiok. Aste bereziak izango dira, beti bezala, eta badakit inoiz ez bezala gozatuko dugula haietaz baina espero dut, berriz ere, jaia izatea protagonista nagusia eta egun hauek pozez baina arduraz bizitzea. Umore ona eta errespetua nagusi izan daitezen, asma dezagun, oraingoan ere, dibertsioa eta atsedena uztartzen.
BOSGARRENA-- Gogoan izan gure jaiak inklusiboak direla. Horregatik, irundarroi eta bisitan datozkigun guztiei eskatzen dizuet bazterketa edo gorroto-diskurtso oro gaitzesten jarraitzeko, edozein delarik ere arrazoia: generoa, sinesmenak, kultura, sexu-orientazioa, dibertsitate funtzionala, larruazalaren kolorea edo jatorria... Horrez gain, adi ibili behar dugu guztiok, edozein sexu eraso sexistaren aurrean zero tolerantziarekin jokatzeko.
SEIGARRENA-- Gure jaiak kaleko ospakizuna dira. Hori dela eta, gogora ekarri nahi dut arauak errespetatu behar direla eta bizikidetza indartu behar dela, dibertsioa eta atseden hartzeko eskubidea bateragarri egiteko.
ZAZPIGARRENA-- Eskerrak eman nahi dizkiet jaietan zuzenean parte hartu ez arren errespetuz eta pazientziaz jokatzen duten auzotar guztiei, sanmartzialen eragin positiboa areagotzen dute eta.
ZORTZIGARRENA-- Eskerrak eman nahi dizkiet, halaber, egun hauetan guztion osasuna eta segurtasuna zaintzeaz arduratzen direnei: udaltzainei, ertzainei, suhiltzaileei, osasun-langileei, Babes Zibileko eta Gurutzen Gorriko boluntarioei, bai eta garbitzaileei eta udal-zerbitzuetako langileei ere.
BEDERATZIGARRENA-- Eskerrak eman behar dizkiet, guztiz merezitakoak, gainera, jaietako ekitaldiak antolatu eta egiteko lan egiten duten erakunde kolektibo guztiei: kulturalak, kirolekoak, sozialak... ekitaldi horiei esker baitira horren bikainak sanpedroak eta sanmartzialak.
HAMARGARRENA-- Alkate gisa, ospakizun hauetarako nire desioa da jaiegun berezi batzuk bizitzea, elkartasunez, gozamenez, lasaitasunez eta begirunez. Irundar gisa, urteko egunik onenak gozatuko ditut berriro ere, senide eta lagunekin batera.
Seguru kalean ikusiko dugula elkar, baina aukera hau baliatu nahi dut guztioi sanmartzial zoriontsuak opatzeko.
Gora Irun!!
Gora San Martzial!