2022ko jaietan aparkatzeko alternatibak

Sanpedro eta sanmartzialetara begira, Irungo Udalak jakinarazten du larunbat honetan, hilak 18, jarriko direla indarrean hirian aurreikusitako zirkulazio-aldaketak. Horiei esker, egun hauetan gozatzeko espazio handiagoa izango dute oinezkoek.

Larunbat honetan (ekainak 18) eta ekainaren 23tik uztailaren 1era, oinezkoentzat bakarrik izango dira, arratsaldeko 19:00etatik eta jaietako jarduerak amaitu arte, Alde Zaharreko eremu batzuk, Urdanibia plaza eta San Martzial kalea, eta ibilgailu motordunek galarazita izango dute sarrera.

Gainera, ekainaren 25etik uztailaren 1era (ekainaren 27an izan ezik), Colón pasealekuan oinezkoak eta txirrindulariak bakarrik ibili ahalko dira Gipuzkoa hiribidearen eta Eskoleta kalearen artean, arratsaldeetan (ekainaren 30ean salbu, egun horretan goizean ere hala izango baita).

Jaietako programa udalaren web orrian ikus daiteke, eta hiri osoan banatu da dagoeneko, eta programan bertan, egun horietan aparkatzeko izango diren debekuei buruzko informazioa ere xehetasunez azaltzen da, bai eta aparkatzeko prestatutako eta aurten indartu diren aukerei buruzkoa ere.

Aparkatzeko alternatibak

Irungo Udalak garraio publikoa erabiltzeko gomendioa egiten die herritarrei eta, berritasunen artean, aparkaleku alternatiboak gogorarazi nahi ditu, batik bat, erdialdetik hurbilen dauden eremuetan. Hona hemen aldi baterako aparkalekuen zerrenda:

Horrela, ohi bezala, aparkaleku gisa erabiliko da Dunboa ikastetxea, ekainaren 22tik uztailaren 2ra; Berio kaleko Eguzkitza BHIa ere (bigarren hezkuntzako zentroa, Victoriano Juaristi kaleko lehen hezkuntzakoaren ondorengoa, 2019an ireki zena) aparkaleku izango da, ekainaren 22tik uztailaren 2ra. Azkenik, su artifizialak ingurutik botako direnez Donostia kalean ere aparkatzeko mugak ezarriko direla eta, aparkaleku gisa gaituko da Lekaenea eskolako patioa, ekainaren 27tik uztailaren 2ra; berritasun gisa, aparkalekuen zerrendan sartuko da Bidasoaldea HHIa ere, ekainaren 22tik uztailaren 2ra.

Jarduera horiek eta jaietako programako beste ekitaldi batzuk direla eta, baliteke hiriko autobusen ordutegi eta ibilbideetan ere aldaketak egotea. Hori dela eta, informazio zehatza jarriko da markesinetan, erabiltzaile guztiek egun bakoitzean aurreikusi diren aldaketen berri izan dezaten. Informazio hori Udalaren webgunean ere egongo da eskuragarri, eta IrunBus-en aplikazioan eguneratuko da.

Gainera, gautxoriak

Gautxorien zerbitzua ekainaren 17tik (ostirala) uztailaren 1era bitartean egongo da martxan, gauero. Katea auzorako autobusa Gipuzkoa hiribideko 4an duen goiburutik aterako da  orduro, 23:30etik 06:30era. Behobiara doan linea, berriz, 23:00etatik 06:00etara ibiliko da orduro, eta, kasu horretan, Gipuzkoa hiribideko 1ean duen goiburutik aterako da. Gogoratu behar da eskaripeko geldialdiak egiten jarraitzen dutela, hiriko mugikortasunari genero-ikuspegia aplikatu nahi dion ekimena den aldetik, eta, hartara, hala nahi duten emakumeak beren helmugatik hurbilago jaitsi ahal izango dira autobusetik.

Azken batean, egun horietan, hiriak 24 orduz izango du hiri-autobusen zerbitzua. Ohiko errefortzua da, eta, horrekin batera, festetan ere garraio publikoa erabiltzeko gomendioa egiten da, bai eguneko lineetan, bai gaueko Gautxorin. Aukera erosoa eta segurua da hirian barrena ibiltzeko, eta 2019an bezala, Gautxorik eskaripeko geralekuak ere izango ditu gainera.

  

Taxiak

Luis Marianoko eta Genaro Etxeandia plazako taxi-geltokiak Iparralde hiribidera lekualdatuko dira (Colón pasealekuaren ondora), egun eta ordu hauetan:

Ekainak 25 eta 26: 17:00 - 01:00.

Ekainak 28: 18:00 - 01:00.

Ekainak 29 eta uztailak 1: 18:00 - 23:00

Ekainak 30: 6:00 - 1:00

X