Euskara bultzatzen jarraitzeko konpromisoa berritu dute Irungo 14 elkartek

Duela urte batzuk sortu zen Kalean Bai plana, Irungo aisialdi-jarduerak urratsez urrats euskalduntzeko helburuarekin.
Hitzarmen bidez, Irungo elkarteek konpromisoa hartu dute beren entitateetan eta antolatzen dituzten jardueretan euskara bultzatzeko. Guztira, 90 elkarterekin baino gehiagorekin jarri gara harremanetan 2020 arte, eta 64k hitzarmen orokor edo berariazkoren bat sinatuta zeukaten.

Udalak ekimena suspertzeko beharra ikusi zuen, eta Euskara arloak egindako gogoetaren ondorioz, biziberritzeko prozesu bati ekin zitzaion. Helburua da Kalean Bai plana bultzatzea, aisialdia euskalduntzeko erreferente gisa. Joan den abenduan, Kalean Bai ekimena suspertzeko prozesua hasi zen, hitzarmenak berritu zituzten lehenengo 21 entitateetako ordezkariekin.

Beste 14 entitate

Kalean Bai plana faseka berraktibatuko da. 25 urte bitarteko haur eta gazteentzat eskolaz kanpoko jarduerak antolatzen dituzten eta aldez aurretik hitzarmena sinatu zuten entitateekin hasi zen prestatze-lana.  Aurreko hitzarmena sinatuta daukaten gainerakoekin jarraitzen du prozesuak. Horrela, bada, ostiral honetan, Irungo alkate José Antonio Santano eta Euskarako ordezkari Miren Echeveste hiriko 11 elkarteren sinadura-ekitaldian izan dira.

Alkateak entitate guztien lana eskertu du, eta esan duenez, "urte asko daramagu udalean euskararen erabilera bultzatzen Kalean Bai planaren bidez. Lan hau Irungo elkarte eta taldeekin batera egin dugu, eta aurrerantzean ere halaxe egingo dugu. Nahi dugu Kalean Bai bitarteko bat izaten jarraitzea Irunen antolatzen diren jardueretan euskararen erabilera sustatzeko".

Bestalde, Miren Echevestek adierazi zuenez, "Kalean Bai tresna bat da, guztion artean euskararen erabilera eguneroko bizitzako arlo guztietara zabaltzen jarraitzeko, eta horien artean, oso garrantzitsuak dira erakunde ugarik antolatzen dituzten jarduerak eta aisialdia".

 

Honako entitate hauek sinatu dute gaur goizean:

Alde Zaharra-San Juan auzo-elkartea

Dunboako auzo-elkartea

Elitxu-Lapitze auzo-elkartea

Euskadiko Itsasargien Lagunak

Gaztedi berria aisia-taldea

Nicolas Guerendiain elkartea

Ondare Kultur Elkartea

Taupadak GKE

San Martzial Kirol Elkartea

Lur-Alai Squash Kluba - LASK

Txingudi Eskubaloia

Alaitsu Guraso Elkartea (Toki Alai BHI)

Irungo Euskaljira

Marte Laborategia

Elkarteen artean sareak ehuntzea

Entitate bakoitzaren konpromisoez gain, asmoa da Kalean Bairen bidez Irungo elkarte-sare bat eratzea, elkarri laguntzeko eta elikatzeko, helburu komun baten esparruan: 25 urtetik beherako haur eta gazteei zuzendutako Irungo aisialdia euskalduntzen jarraitzea.

X