Ayuntamiento de
Buscador

Uda iritsi da San Martzial-Txingudi kirol gunera

San Martzial-Txingudi Udalaren Kirol Guneko igerilekuak datorren asteazkenean irekiko dira, ekainaren 15ean. Hala iragarri du Borja Olazabal Kiroletako ordezkariak, instalazioetara egindako bisita batean. Horrela, instalazioa oso-osorik egongo da martxan, bertako lau tenis-pistak eta hiru padel-zelai estaliak urte guztian zehar baitaude irekita.

«Dudarik gabe, udan protagonismo berezia izaten du kirol-instalazio honek, eta albiste ona da aurten guztiz gozatu ahal izango dugula. Igerilekuak oso elementu erakargarria dira, eta familia ugari igotzen dira San Martzial-Txingudira horietaz gozatzera», nabarmendu du Borja Olazabalek.

Igerilekuen denboraldia irailaren 15era arte luzatuko da. Instalazioa ordu eta erdi lehenago irekitzen eta ordubete beranduago ixten den arren, igerilekuen erabilera-ordutegia honako hau izango da: 11:00etatik 15:15etara goizean eta 16:15etatik 20:30etara arratsaldean. Egunero irekiko da, San Martzial egunean izan ezik (ekainak 30).

Berritasun nagusia normaltasunaren itzulera da, zerbitzu guztietan, eta pandemiaren ondorioz aurreko bi udetan izandako murrizpenak ez dira aplikatuko (aldagelak itxita egotea edo aforoak kontrolatzea, adibidez). San Martzial-Txingudik, beraz, normaltasuna berreskuratuko du, hirurehuna pertsonako bi txandarekin (iazko aforoak bikoiztuz, beraz). Dutxak, aldagelak eta armairuak normaltasunez erabili ahalko dira. Gogoan izan behar da kirol-ekipamendu honek, gainera, hiru padel-pista estali, aire zabaleko lau tenis-pista, botikina eta sorosle-zerbitzua dituela. Edari hotzak eta zizka-mizkak erosteko makinak egongo dira.

Guztiek instalazioa erabil eta hartaz goza dezaketela bermatzeko, lekua erreserbatu beharko da aldez aurretik, nahi den txanda adierazita (goizez edo arratsaldez, herritar gehiagok izan dezaten instalazioa erabiltzeko aukera), http://www.irun.org/piscinas webgunearen bidez. Hona hemen igerilekuaren prezioak:

Igerilekurako eguneko sarrera:

  • Helduak (18 urtetik gora): 2,20 euro.
  • Gazteak (4-17 urte): 1,80 euro.
  • Haurrak (0-3 urte): Doan.

Informazio hori San Martxial txingudi kirol gunea  webguneko atal berezi batean jaso da, igerilekua erabiltzeko arauekin eta lotutako beste gai batzuekin batera. Gogoan izan instalazioan erretzea debekatuta dagoela.

Bestalde, aipagarria da Irunbuseko 3. lineak geltokia duela kirol-espazioan bertan, eta egunero egiten duela igerilekuen eta San Juan plazaren arteko ibilbidea, 30 minutuan behin. Igerilekuetara igotzeko lehen zerbitzua Fermín Calbetóneko geltokitik irteten da 10:30etan. Azkena 21:00etan irteten da Fermín Calbetónetik.

Iaz bezala, teniseko edo padeleko pisten erreserbak zentroa irekita dagoen orduetan egingo dira (9:30etatik 21:30etara), harrera-mahaian edo 943 627266 telefonora deituta. Pisten erabiltzaileek, igerilekukoek bezalaxe, zerbitzuen eraikineko beheko solairuko aldagelak erabili ahalko dituzte. Pertsona eta ordu bakoitzeko prezioa 4 € da kiroldegietako harpidedunentzat, eta 5 € gainerakoentzat (norbanakoak). Gainera, 5 erreserba egiteko bonua ere badugu, prezioaren gaineko % 20ko deskontuarekin. 16 € harpidedunentzat eta 20 € gainerakoentzat.

Kirol-ekitaldiak

Borja Olazabalek kirolaren arloan datozen hilabeteetan izango ditugun ekitaldien errepasoa ere egin du. «Azken urteotan ikusi dugu Irun kirol-ekitaldi oso garrantzitsu batzuen kokalekua izan dela, eta nazioarteko mailako topaketak ere egin dira, Eskubaloiko Espainiako selekzioaren partida ofizial bat izan genuen duela aste gutxi batzuk Artalekun eta, datozen hilabeteetara begira, nabarmentzekoak dira herri-kiroletako Gipuzkoako Lehen Pentatloi Txapelketa, abuztuaren 7an, eta Espainiako Itzuliaren bosgarren etapa, zeina Irundik irtengo baita abuztuaren 24an».

X