Amaitu da Emakumeen Etxea dela-eta parte hartzeko prozesua

Berdintasuneko ordezkari Miren Echeveste andreak Emakumeen Etxea dela-eta parte hartzeko egin den prozesuaren balantzearen berri eman du astelehen honetan. Irungo hogeita hamar bat emakumek osatutako talde eragile batek urte osoa darama ekimen hori abian jartzeko prozesuan parte hartzen. Echevestek eskertu egin du “prozesuan parte hartu duten emakumeek halako konpromisoa erakutsi izana. Larunbat asko izan dira, ordu asko, eta esan dezaket oso aberasgarria izan dela, guztien ekarpenei esker. Orain, udalarekin batera etxea kudeatuko duen elkartea eratzeko egiten ari diren lanaren emaitzaren zain gaude”.

Emakumeen Etxea diseinatzeko parte-hartze prozesuak bi fase izan ditu, eta guztira, 10 saio. Lehenbizikoa online izan zen, eta topaketa telematikoak egin ziren 2021eko martxoaren 11, 18 eta 25ean. Batez beste, 29 parte-hartzaile izan ziren. Bigarren fasea aurrez aurrekoa izan zen, 2021eko urriaren 2an, azaroaren 13an eta abenduaren 11n, eta 2022an, otsailaren 12an, martxoaren 12an, apirilaren 9an eta maiatzaren 14an. Batez beste, 26 emakumek hartu zuten parte fase horretan.

Emakumeen Etxearen ezaugarri nagusiak zehazten lagundu du prozesuak. Gainera, Berdintasun Zerbitzuak azaldu duenez, lankidetzarako baldintzak sortu ditu udalaren eta emakumeen eta gizarte-eragileen artean, eta sareak sortu dira hiriko mugimendu feministen artean. Azpimarratu behar da parte hartu duten emakumeak oso pozik agertu direla helburuak bete direlako, eta, batez beste, 8 puntu eman dizkiote proiektuaren emaitzari.

Orain, etxeari zer izen jarri erabaki behar da. Horretarako, maiatzaren 23tik 31ra bitartean, Irunen erroldatuta dauden 16 urtetik gorako emakumeek beren iritzia eman ahal izango dute prozesuan proposatutako 5 izenen artean aukeratzeko. Haien iritziak kontuan hartuko dira, ekipamenduari behin betiko izena jartzerakoan. Honako hauek dira proposamenak:

-              Julia Iruretagoiena

-              Irungo Emakumeak-Mujeres de Irun

-              Irungo Lamien Etxea-Casa de las Lamias de Irun

-              Irungo Emakumeen Etxea-Casa de las Mujeres de Irun

-              Txinparta Etxe feminista

Udalaren eta Emakumeen Etxea elkartearen artean kudeatuko dute etxea. Elkarte horren batzarrak helbide elektroniko hau jarri du parte hartu nahi duten emakumeen eskura: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko..

X