Hasi dira Gazteluzaharreko aurriak kontserbatzeko lanak

Irungo Udaleko Obra arloak jakinarazi du hasiak direla Gazteluzahar gazteluaren aurrietako lanak. Obraren helburu nagusia aurri horiek konpontzea eta kontserbatzea eta horien balioa ezagutzera ematea da. Izan ere, Irungo eta Gipuzkoa osoko kultur ondarearen elementu garrantzitsua dira. Horrez gain, eremua ere berrituko da, gotorlekuaren hondakinak bisitatzeko aukera emateko.

Gotorlekua kontserbatzeko eta haren balioa aitortzeko lanetan ingurua garbituko da eta aurriak sendotuko dira. Aurrena, pintaketak kenduko dira, harrien arteko belarrak erauziko dira eta herbizidak botako. Ondoren, aurriak berroneratzeko zenbait teknika aplikatuko dira: kare-ura, kanoi- eta fusil-zuloak berreraikitzeko lanak, piezak sendotzea, horma atalak osatzea eta betegarri-lan puntualak. 

Aldi berean, gotorlekuaren inguruko espazio publikoa atonduko da. Horretarako, inguruko belarra eta sasiak moztuko dira, kontrol arkeologikoarekin, eta zuhaitzen bat ere moztuko da, eta gero ordezko beste arbola bat landatuko. Jarraian, bide zolatu bat eraikiko da aurrien barrualdean eta kanpoan. Argiztapen-lanak ere egingo dira, eta hiri-altzariak instalatuko.

Aipagarria da jarduketa honek Espainiako Gobernuaren % 1,5 kulturalaren laguntza-programaren babes ekonomikoa jaso duela, haren bidez ordainduko baita proiektuaren % 50. Aurrekontua 601.754 €-koa da, eta exekuzio-epea, 9 hilekoa. Esleipenduna Harri Construcciones y Mampostería SL enpresa da. Obrak aste honetan hasi dira, eremua hesituta eta belarra mozten hasita.  Behin sastraka guztiak kendu direnean, lur-mugimenduak egingo dira, eta aurria sendotuko. Jarduera hau Udalak 1522ko San Martzial Batailaren 500. urteurrenaren ospakizunen esparruan aurreikusitako ekimenen barruan dago.

 

Historia

Eusko Jaurlaritzak hirian zehar doan Done Jakue Bideari lotutako bost gunek osatzen duten monumentu-multzoan sartu zuen gune hori, eta, gainera, Gipuzkoako kultura-ondareko atal garrantzitsua da. Monumentu-multzo horretan sartuta daude Ama Xantalen ermita, Arbelaitz jauregia, udaletxea eta Junkal eliza ere.

Gazteluzahar gaztelua mendixka baten gainean dago, itsasotik 41 bat metro altu, Behobia auzoaren eta Bidasoko pasabide estrategikoaren goialdean. Triangelu-formako planta du, eta bizitza aktibo laburra izan zuen. 1515ean eraiki zen, Fernando Katolikoaren aginduz, eta 1542an eraitsi. Gero, 1719an, berreraiki eta berriz suntsitu zuten. Errefortzuak etorri bitartean tropa frantsesei eusteko eraiki zen, Gaztelan sartu nahi baitzuten.

X