Ayuntamiento de
Buscador

Eskola Agenda aurrez aurrekoa izango da berriro ere

Eskola Agenda 2030 programa Irungo Udaleko Garapen Iraunkorreko arloak sustatzen du, eta Eusko Jaurlaritzaren finantziazioa du, bere diru-laguntza lerroaren bidez. 2021-2022 ikasturtean zortzi ikastetxek hartu dute parte programa honetan: Eguzkitza, Hirubide, Mendibil, Pio Baroja, Plaiaundi, Toki Alai, Txingudi Ikastola eta Txingudi Institutua. Ikasturte honetan Garapen Jasangarriko Helburuak jorratu dituzte, eta, zehazki, GJH horien 15. zenbakia ezagutu dute (Lurreko Ekosistemen Bizitza), belardiak, larreak eta landare-itsutasuna ardatz hartuta. Ostegun honetan, Irungo udaletxeko areto nagusian, aurrez aurre berriro ere, ikasleek Udalari proposamenak egiteko audientzia izan da. Irungo alkate José Antonio Santanok ongietorria eman die ikasleei, eta harekin izan da Mugikortasuneko eta Garapen Jasangarriko ordezkari Borja Olazabal.

Ikasturteko lehen hiruhilekoan motibazio-fasean aritu ziren, eta hezkuntza-komunitatea sentsibilizatzen hasi ziren. Bigarren hiruhilekoan, ikastetxearen eta udalerriaren diagnostikoa egiteari ekin zitzaion. Udalerriko diagnostikoa programa honetan parte hartzen duten ikastetxeetako ikasleek eta irakasleek egin dute, hezkuntza-ziklo bakoitzeko adinari eta ezagutza-mailari egokitutako baliabideen bidez. Baliabide horien bidez, GJH 15 landu ahal izan dute, bai modu teorikoan, bai jarduera praktikoen bidez.

Haur-hezkuntzako, lehen hezkuntzako, bigarren hezkuntzako, batxilergoko eta lanbide-heziketako ikasleek jarduera ugari egin dituzte, bai ikasgelan, bai ikastetxetik kanpo. Helburu nagusia udalerriaren egoera hobetzeko ekarpenak jasotzea izan da, ikasleen zuzeneko behaketaren, esperimentazioaren eta hausnarketaren bidez.

Eskola arteko foroa joan den ostegunean egin zen, eta ekarpen garrantzitsuenak hautatzeko helburua du, ikasleen lehentasunen arabera. Ikasleen ekarpenen artean, udalerriaren egoera hobetzeko proposamenak eta bakoitzak bere eguneroko bizitzan har ditzakeen konpromisoak jasotzen dira.

Orain, programa honetan parte hartzen duten ikastetxeetako ikasleek hartutako konpromisoak eta herrian ikusitako gabeziak asetzeko proposamenak udalari jakinarazteko ordua da.  Horretarako, Eskolako Agenda 2030ean oinarrizkoa den ekintza burutuko da, udal entzunaldia. Borja Olazabal Garapen Jasangarriko ordezkariak ekimena berriz ere aurrez aurre egitearen garantzia aipatu du, eta eskerrak eman dizkie ikasleei, egindako lanagatik: «esandakoak kontuan hartuta, lanean jarraitu behar dugu Irun hiri jasangarriagoa izan dadin Gazteen grinari eta lan egiteko gogoari esker, prestatutago gaude datozkigun erronkei aurre egiteko».

X