Ayuntamiento de
Buscador

La Mala Rodriguez, Macaco, Varry Brava eta Burrunba musikariek joko dute Urdanibia plazan 2022ko Sanmartzialetan

Kultura arloan San Pedro eta San Martzialen omenezko jaietako programa osatzeko lanean ari dira, eta astelehen honetan Juncal Eizaguirre ordezkariak ekainaren 18an, 23an, 25ean eta 28an Urdanibia plazan izango diren kontzertuen berri eman du. Udal-ordezkariarekin batera, aurkezpenean izan dira Iñaki Estévez musika-produktore irundarra eta kontzertuen produkzioaren arduraduna eta Burrunba Elektrotxarangako kide batzuk.

«Hilabete baino ez da falta Irunen berriz ere geure festez goza dezagun, bi urteko etenaldiaren ondoren, eta Kultura arloan buru-belarri ari gara programa prestatzen. Gertatu den guztiarekin, gogo izugarria dugu jaiak berreskuratzeko, eta munduko ilusio guztia jarri dugu, Udaleko beste arlo batzuekin batera eta Irungo erakunde eta kolektibo ugariren laguntzarekin, hain luzaz esperotako jai hauetaz gozatzeko», esan du Juncal Eizaguirrek.

Musika-programari dagokionez, berritasun garrantzitsuak izango ditugu aurten. Lehen berritasun gisa, aurten kontzertu bat gehiago egingo da, ohiko hiru kontzertuei beste laugarren bat gehituko baitzaie. Urdanibia plazako lehen emanaldia ekainaren 18an izango da, La Mala Rodríguezen eskutik; hilaren 23an, jaietako lehen egun ofizialarekin batera, Burrunba elektrotxarangaren txanda izango da, eta ikuskizun berezia emango dute kolaboratzaileekin batera. Ekainaren 25ean, aldiz, Macacok joko du gure hirian, eta azken kontzertua Varry Bravak eskainiko du hilaren 28an.

Beste aldaketa bat musika-programazioaren antolakuntzaren aldaketa da. Azken urteetan, musika-taldeak aukeratzeko bozketa jaiak hasi aurretik egiten ziren, hilabete batzuk falta zirenean. Aurten tokiko taldeak, kontzertu nagusiaren aurretik joko dutenak, herri-bozketa bidez aukeratuko dira, baina talde nagusia aukeratzeko sistema aldatzea erabaki da, zenbait arrazoi direla medio.

Kultura arlotik azaldu digutenez, «prozesu horiek egiteko epe jakin batzuk bete behar dira, eta taldeen agendak ixteko arazoak sortzen zituen horrek. Horrez gain, azken urteetan nolabaiteko aldaketa bat egon da musikarien merkatuaren funtzionamenduan eta taldeek, promotoreen eta agenteen bidez, gero eta zalantza gehiago zituzten horrelako proposamenekin, askotariko arrazoiak tarteko». Izatez, sistema aldatzeko erabakia azken urteotan egindako hausnarketa baten ondorioa da, eta musika-industriak berak proposatuta egin da. Gainera, Kultura arloak jakinarazi duenez, gure lurraldean ez dago kontzertuak horrela antolatzen dituen hiri bakar bat ere. 

«Kontzertuak programatzeko arazoak zekartzan agertoki horren aurrean, pandemiak eragindako geldialdiaren ondoren, oreka bat bilatu nahi izan dugu musika-panoramako erreferentziazko artistak ekartzearen eta herritarren parte-hartze handia bermatzearen artean, programa egitean. Gogoan izan behar da jaietako proposamenen erdiak hiriko elkarte eta kolektiboek proposatu dituztela. Maila oso oneko musika-eskaintza dugu, askotarikoa, prestigio handikoa eta tokiko artistei ere protagonismoa ematen diena», gaineratu du Juncal Eizaguirrek.

Hurrengo urratsa kontzertu nagusien aurretik joko duten tokiko taldeak aukeratzea da. Horretarako bozketa bat egingo da, maiatzaren 17tik 24ra bitartean, Udalaren webgunean.  Talde hauek eman zuten izena Kultura arloan ekimen honetan parte hartzeko: Mugalariak, Hitboyz, Malforta, Ezinezkoa, Calle Beat, Kaos Kooperativ, Kitzika Taldea, We, Wondersoul, eta Mora SDR.

Jaietako kartelari dagokionez, igandean amaitu zen batzorde artistiko batek hautatutako bost finalistetako baten alde botoa emateko epea. Datuak bilduta, aurki jakinaraziko da zein izan den kartel irabazlea. Aldi berean, jaietako programa osatzeko lanek aurrera jarraitzen dute. Datozen asteotan joango gara xehetasunen berri ematen.

X