Igande honetan, Igandero ekimenaren barruan, Aspace Gipuzkoaren festa

Aspace Gipuzkoa zorioneko dago: egiten duen lan bikaina ezagutarazteko asmoz, Elkartearen beraren 50. urteurrenaren esparruan, igande honetan, hilak 15, eskualde mailako jaia egingo du, Zabaltza plazan eta Colón ibilbidean, Igandero ekimenaren hurrengo jardunaldia baliatuz; hain zuzen ere, Irun erdialdea jardueraz betetzea proposatzen du ekimen horrek, eta, horretarako, erdialdea oinezko eta txirrindularientzat erreserbatzen da.

Irungo alkate José Antonio Santanok aurkeztu du egitaraua, Aspace Gipuzkoako presidente Elisa Carmona eta Zuzendaritza Batzordeko kide eta erabiltzaile Aitor Garciarenarekin batera, ekitaldia egingo den lekuan bertan. Alkateak gogorarazi duenez, Aspace Gipuzkoa arduratuko da aurtengo jaietako pregoiaz, eta, “hortaz, igande honetako jardunaldia ate joka dugunaren atarikoa izango da. Garuneko paralisia duten pertsonen inklusioaren eta eskubideen aldeko lan eredugarria egiten du entitateak, eta prestatu duen egitaraua egiten duen lana ezagutzeko aitzakia ezin hobea izango da”. 

10:15ean hasiko da programa: majoretteak eta Oiasso txaranga Urdanibia plazatik abiatuko dira, eta, Irungo kaleetan barrena, Zabaltza plazara joango dira, 11:00etarako, orduan hasiko baitira plazako jarduerak.

Festara bertaratzen direnek hainbat jarduera izango dituzte aukeran, eta Elkarteko erabiltzaileek egiten duten lana ezagutu ahalko dute. Esaterako, “Made in Aspace” saskien tailer bat eta erakusketa bat egingo dira, eta salmenta postu bat jarriko da; Elkartearen 50. urteurreneko produktuak saltzeko postu bat jarriko da; eta Artiako Lagunak taldeak pintxo-potea eskainiko du, euro batean.

Galtzadan, berriz, oinezko eta txirrindularientzat erreserbatuko dela aprobetxatuz, kirol egokituko taldeak eslalom eta boccia erakustaldi bat egingo du, eta gurpil aulkiaren erabilera erakusteko tailer bat emango du. Plazako kioskoko musikak girotuko du festa, baita Mario Simancas aktore irundar ezagunaren emanaldiak ere.  14:30ean bukatuko da jardunaldia.

Laguntzaileak

Aspace Gipuzkoak Irungo Udalaren, Atalaia hotel eta jatetxearen, Brioche Pasquier enpresaren, Ola sagardotegiaren eta Lasa okindegiaren laguntza izan du jaialdia antolatzeko.

Ospakizun urtea

Aspace Gipuzkoak urriaren 4an hasi zituen bere urteurrena ospatzeko ekitaldiak, Tabakaleran, eta, ordutik, hainbat jarduera antolatu ditu, Elkartearen beraren lana eta osatzen duten pertsonen egoera ezagutarazteko.

Adibidez, “50 urte inklusioa bermatzen” erakusketa egin du, hilabetez,Palmera-Montero Gunean. Orona Fundazioarekin elkarlanean osatu du entitateak,  eta 24 panel biltzen ditu, modu didaktiko eta pedagogikoan garuneko paralisia duten pertsonen, haien ingurune pertsonal eta familiarraren eta Elkartearen beraren egoera ezagutarazi eta erakusten dutenak.

Aspace Gipuzkoa, 2022ko jaietako pregoilari

Aspace Gipuzkoak 42 urte darama Irunen, bi zentro ditu hirian, eta garuneko paralisia duten 53 pertsonari ematen die arreta. Bada, berak emango die hasiera 2022ko sanpedro eta sanmartzialei: Elkarteak joko du pregoia, udaletxeko balkoitik, ekainaren 23an.

2022ko Xake Eguna

Maiatzaren 15ean bertan, Bidasoa Xake Klubak 2022ko Xake Eguna ospatuko du, Colón ibilbidean bertan, 11:00etatik 13:30era bitartean.

Xakea ezagutu eta praktikatu nahi duten adin guztietako bidasotarrentzat da ekitaldia.

Bertaratzen direnek xake partidak jokatu ahalko dituzte, ikaskuntza tailerrean eta piezak kokatzeko jokoetan parte hartu, pieza misteriotsua bilatu, truke xakean lehiatu, aurpegia margotu, eta xake erraldoian jokatu.

Zirkulazioari buruzko oharrak

Igandero ekimenaren esparruan ohikoa denez, 18:00etara bitartean, Iparralde eta Gipuzkoa hiribideetako bidegurutzeen artean, zirkulazioa etengo da. Gainera, Irunbusen erdialdeko geralekuak itxita egongo dira.

X