Museoen Nazioarteko Egunarekin bat egin du Oiassok

Urtero antolatzen du Museoen Nazioarteko Kontseiluak (ICOM) Museoen Nazioarteko Eguna, eta mundu osoko milaka museok bat egiten dute, hainbat jarduera eginez. Aurtengo leloa, "Museoen ahalmena" da, eta museoek inguruko erkidegoan aldaketa positiboak eragiteko nolako ahalmena duten adierazi nahi du. Alde horretatik, Oiasso museoak jarduera hauek antolatu ditu:

Maiatzaren 18an (asteazkena), 12:00etan, Oiasso Museoak eta Caesaraugustako Ibai Portuaren Museoak zuzeneko emanaldia egingo dute Instagramen, AveMuseos ekimenaren barruan. Online jarduera bateratu hori Aragoiko museoaren ekimena da; iaz, esaterako, Cartagenako Antzerki Museoarekin partekatu zuen.  Oraingo honetan, agur digitalak balioko du Irun eta Zaragozako portu erromatarren ezaugarriak, Antzinateko nabigazioa eta bi portuetako aztarna arkeologikoak berrikusteko. Jokin Lanz Oiasso museoko jardueren arduradunak eta Rubén Castells Zaragozako Udaleko Museoen Ataleko buruak parte hartuko dute, eta, amaieran, jarraitzaileen galderei erantzungo diete.

Maiatzaren 18an, doan izango da museoko sarrera, bai inauguratu berri den "Erraldoien bizkarrean. Euskal arkeologiaren historia" aldi baterako erakusketa ikusteko bai Oiassoko erakusketa iraunkorra ezagutzeko.  Maiatzaren 20an (ostirala), 12:00etan, "De la mano de… - … ren eskutik" proiektua aurkeztuko da. Ekimena Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan egin da, eta helburua du berrikuntza digitalaren bidez irisgarriagoa eta erakargarriagoa bihurtzea. Museoak QR batzuk sortu ditu erakusketa iraunkorrean zehar, bideoak deskargatzea ahalbidetzen dutenak. Bideo horietan, Oiassoko biztanleen eguneroko bizitza ulertzeko pieza arkeologikoek nolako garrantzia duten azaltzen da.

Ostiraleko aurkezpenean, bisita egingo da Oiassotik, aipatutako QR horien laguntzaz, eta Aiako Harriko meategi erromatarrei buruzko zatia proiektatuko da Museoko portuko aretoan, Mertxe Urteaga Gipuzkoako Foru Aldundiko Ondare Historiko-Artistikoaren Zerbitzuko arkeologoaren eskutik.

Halaber, Oiasso museoak bi txango kultural berreskuratu ditu bere programan, Eslabako Santa Crizeko eta Ledeako aztarnategi arkeologikoak (ekainaren 18an) eta Biritxitu eta El Espinal (uztailaren 23an) ezagutzeko. Txangoak egiteko izena emateko epea zabalik dago, eta telefonoz (943 63 93 53), posta elektronikoz (E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.) edo aurrez aurre egin daiteke. Txango bakoitzari buruzko informazioa museoaren www.oiasso.com  web orrian dago.

Maiatzaren 21ean, larunbatarekin, bisita gidatuak eta VI. Jardunaldi Greziarra, Oiasson.

Maiatzaren 21ean, larunbatarekin, bi bisita gidatu eskainiko ditu Oiasso museoak "Erraldoien bizkarrean. Euskal arkeologiaren historia" erakusketa ikusteko.-12:00etan, gaztelaniaz, eta 13:00etan, euskaraz. Bisiten prezioa 3 eurokoa da pertsonako.

Bestalde, larunbat arratsaldean, VI. Jardunaldi Greziarra egingo da Oiasson, Irungo Udalak eta "Periplo" elkarte soziokultural filohelenoak antolatuta.  Aurtengo edizioa Partenoiko marmolei buruzkoa izango da, eta hasteko, Ilías Fotopoulos Greziak Madrilen duen enbaxadoreak saio berezi honetarako bidalitako agurra irakurriko dute. Programaren barruan,  "Atenasko akropolia mendeetan zehar" hitzaldia, M. Eugenia Díaz Pascualen eskutik (18:00-19:45), eta "Arabim. Estatuen arimak” filmaren (2016) emanaldia (20:00-21:00), Antigoni Paraousi eta Kostis Papanastasatos-ena. Hitzaldirako sarrera librea da. Arabim filma ikusteko gonbidapenak doakoak dira, eta Oiasso museoan banatuko dira maiatzaren 21ean bertan (larunbata), 10:00etatik aurrera.

X