Irungo alkate José Antonio Santanok "Irun 30" ekimenaren hamarkada beteko esperientzia azaldu du Madrilen

Dagoeneko urtebete da Espainiako hirien erdialdean abiadura 30 km/h-ra mugatzeko betebeharra ezarri zenetik. Irun, baina, aitzindaria izan zen alde horretatik, 2011tik baitihardu neurri hori sustatzen eta pixkanaka ia hirigune osora zabaltzen, eta, hori dela-eta, hiriko alkate José Antonio Santano, Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioko Garraioetarako, Mugikortasun Jasangarrirako eta Bideko Segurtasunerako Batzordeko burua den aldetik, gaur  Madrilen izan da, esperientziaren berri emateko.

Irungo alkateak “30 km/h-ko abiaduraren lehenengo urtea” jardunaldiaren esparruan esku hartu du. Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioak antolatu du ekitaldia, eta bertan izan dira Federazioko Garraioetarako, Mugikortasun Jasangarrirako eta Bideko Segurtasunerako Batzordeko kide eta Zaragozako Udaleko Zerbitzu Publikoetarako eta Segurtasunerako kontseilari Natalia Chueca Muñoz, Esquiviasko alkate Milagros del Barrio Pérez-Grueso (Toledo) eta Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotzi ordezkari Nora Abete García ere. Federazioko idazkari nagusi Carlos Daniel Casaresek aurkeztu du ekitaldia, eta Trafiko Zuzendaritza Nagusiko buru Pere Navarrok eman dio amaiera.

“Irun ausarta izan zen, eta hamarkada bat aurreratu zen hirietan abiadura 30 km/h-ra mugatzen. Neurri horren alde egin zuen, eta funtzionatzen duela frogatu du: zirkulazioa baretuta, segurtasun handiagoa dugu; motordun ibilgailuen eta beste garraiobide batzuen arteko bizikidetza hobea da, hala nola ibilgailuen eta bizikleten artekoa; eta, gainera beste neurri batzuk hartuta, hala nola autobus elektrikoa sustatuta, ingurumena babesten laguntzen dugu, berotegi efektuko gas gutxiago isurtzen baitugu”, azaldu du Santanok.

Jardunaldian, besteak beste, “Irun 30” ekimenaren hamar urteen balantze positiboa egiteko bide eman duten datuak jakinarazi ditu: 2020ko datuen arabera, Irunen dabiltzan ibilgailu gehienak (% 85) ia 30 km/h-ko abiaduran (32 km/h-koan) ibiltzen dira gehienez; 2013-2015 aldian, berriz, batez beste, 43 km/h-ko abiaduran ibiltzen ziren. Bada kontuan hartu beharreko beste elementu bat: istripu tasa. Izan ere, 2011n, 430 istripu jazo ziren, eta, 2021ean, berriz, 180; hau da, tasa % 58 jaitsi zen.

X