Irun Aurrera bonuen beste kanpaina bat hiriko merkataritza eta ostalaritzaren alde

2020an, Irungo Udalak Irun Aurrera ekonomia eta gizartea suspertzeko plana abiarazi zuen, COVID-19 pandemiaren ondorioei aurre egiteko. Haren barruko ekimenik aipagarrienetako bat hiriko saltokien eta ostalaritzako establezimenduen aldeko bonuak ziren. Bada, asteazken honetan, Hiri Bultzadako ordezkari Juncal Eizaguirrek, zenbait merkatari eta ostalarirekin batera, bosgarren edizioa aurkeztu du, zeina maiatzaren 12tik ekainaren 19ra bitartean izango den.

“Bonuen bidez, establezimenduei pandemiaren unerik latzenetan lagundu nahi izan diegu, eta, gainera, erosketak egiterakoan hiriko denda eta produktuen alde egiteko mezua zabaldu dugu herritarren artean. Bertako ekonomia suspertzeko modu bat da, eta guztiok ateratzen dugu etekina. Bertako merkataritza eta ostalaritza funtsezko jarduera sektoreak dira hirien bizitzan, eta, horregatik, gure konpromisoa berretsi nahi dugu”, adierazi du Juncal Eizaguirrek.

Bonuen funtzionamendua erraza da: Udalak 10 euro jartzen ditu establezimendu parte hartzaileetan egiten den 30 euroko erosketa bakoitzeko –ostalaritzaren kasuan, kontsumoak 20 eurokoa izan behar du gutxienez–, eta erosleak beste horrenbeste aurrezten du. Besterik gabe, NAN zenbakia eman behar da, eta aplikazio informatiko bat arduratzen da irundar bakoitzak erabil ditzakeen hamar bonuak zenbatzeaz, harik eta bonu guztiak agortu arte.

Bosgarren edizioan, 20.000 bonu aterako dira. Establezimenduek doan parte hartu ahalko dute, eta Udalaren webgunean argitaratuko da kanpainarekin bat egiten duten saltokien eta taberna eta jatetxeen zerrenda.

1,5 milioi

Aurreko edizioen balantzea oso ona da: 2020ko udatik gaurdaino, lau ediziotan, Irungo Udalak 65.000 bonu atera ditu, eta 25.556 pertsonak erabili dituzte. Guztira, Udalak 543.440 euro jarri ditu –beste 200.000 jarriko ditu bosgarren ediziorako–, eta, zenbateko horri kontsumitzaileen gastua gehituta, tokiko ekonomian ostalari eta merkatarien alde izandako inpaktua 1.543.790 euro izan da.

Aipatzekoa da ekimena ezagun egin  ahala establezimendu parte hartzaileen kopuruak gora egin duela: lehen edizioan, 127 denda, taberna eta jatetxe ziren, eta, laugarrenean, 230.

“Eskerrak eman nahi dizkiet kanpaina bakoitzean bat egin duten establezimenduei eta, bereziki, Merkataritza eta Ostalaritza Mahaiari, harekin batera diseinatu baitugu ekimen hau, zeina aitzindaria izan den Euskadin, eta sektorearen beharrei ahalik eta hobekien erantzuteko egokitu. Ildo beretik lanean jarraituko dugu, sektorearekin elkarlanean”, erantsi du Juncal Eizaguirrek.

X