Ayuntamiento de
Buscador

Uda honetan, 163 ikastaro aukeran Azken Portun eta Artalekun

Irungo Udaleko Kirol Arloak jakinarazi duenez, maiatzaren 9tik 23ra bitartean, UDA programaren barruan, Artalekuko eta Azken Portuko uztaileko, abuztuko eta iraileko ikastaroetan izena eman ahalko da, aurrez. Programa horren esparruan, hiriko klubek kirola egiteko hamaika proposamen prestatzen dute udarako; kiroldegiek, berriz, urte osoan antolatzen dituzten jarduerak antolatzen dituzte, aretoan zein igerilekuan, 1.800 bat lagunentzat.

Guztira, 163 ikastaro programatu dira udarako: 109, igeriketakoak, eta 54, aretokoak; 84 Artalekun eta 79 Azken Portun. Guztira, 1.792 toki eskainiko dira: 966 Artalekun eta 826 Azken Portun.

Ikastaroei eta ordutegiei buruzko informazio guztia www.irun.org/es/deportes web orrian dago jada, eta interesdunek, abonatuak izan edo ez izan, esteka horren bidez eman dezakete izena, edo aurrez izena emateko inprimaki bat sartuta Artaleku eta Azken Portu kiroldegietako harrera lekuko ontzian, maiatzaren 23a bitartean. Izen ematea formalizatzeko fasea maiatzaren 30ean hasiko da, eta abonatuek eta abonatu ez direnek ohiko bideak baliatu beharko dituzte: aurrez aurreko hitzordua edo Internet. Alde horretatik, gogoan izan beharra dago online izena emateko beharrezkoa dela Irun Txartela eguneratuta izatea.

Pertsona batek ikastaro bakarrean eman ahalko du izena hitzordu bakoitzeko, eta, behin zerrenda bakoitzeko hitzordu guztiak burututa –guztira, lau zerrenda mota osatuko dira–, interesdunek beste ikastaro batzuetan izena eman ahalko dute online, toki librerik badago betiere; gainera, behin lau zerrendetako hitzordu guztiak burututa, online ez ezik, aurrez aurre ere eman ahalko da izena, bi instalazioetako harrera lekuan. Gainera, behin hitzordu guztiak burututa, aurrez izena eman ez dutenek izena emateko epea hasiko da.

Hitzordu bidez izena emateko zozketa maiatzaren 24an izango da, 12:00etan. Gero, zerrendak jendaurrean jarriko dira, eta, maiatzaren 30ean, esan bezala, izen ematea formalizatzeko epea hasiko da. Igeriketa proba maiatzaren 28an izango da, Artalekun zein Azken Portun, 10:00etatik 11:00etara eta 16:00etatik 17:00etara bitartean.

X