Irunbusek 1,4 bidaia egin zituen 2021ean eta pandemiaren aurreko kopuruak berreskuratzeko bidean dago

L-1 lineako autobus elektriko batera igota, Borja Olazabal Mugikortasuneko ordezkariak hiri-autobusen garraio publikoko zerbitzuaren 2021eko jardueren balantzearen berri eman du. Gainera, Mugikortasun arloak aurten izango dituen erronken berri ere eman du, eta L-2 linea (Katea-Erdialdea) elektrifikatzeko prozesua nabarmendu du.

"2021eko eta 2022aren hasierako datuek erakusten dute bidaiari-kopuruak normaltasunera itzultzen ari direla, COVID-19aren eraginaren unerik txarrenen ondoren. Oso hurbil gaude pandemia aurreko datuetara itzultzetik. Iaz, garai honetan, esaten genuen % 34 jaitsi ginela, baina 2021ean oso zati garrantzitsua berreskuratu dugu. Nolanahi ere, gure ustez, hiriko autobusak aukera erakargarria dira irundarren joan-etorrietarako, eta, gainera, gero eta jasangarriagoa da, zero emisioko mugikortasunaren aldeko apustua egin baitugu", adierazi du Borja Olazabalek. 

Zehazki, hiriko garraio publikoaren zerbitzuak 1.424.446 bidaiari zenbatu zituen. Erregistro hori jarduera-errekor absolutuaren azpitik dago oraindik, 2019az geroztik hirian datu horiek zenbatu zirenetik (1.790.089 bidaiari), baina, dagoeneko, 2020an baino gehiago dira, orduan 1.171.417 bidaiari izan baitziren.

Lineaz linea, eta 2020. urteari dagokionez, Zaisa-Ospitalea ibilbideak, ohikoa den bezala, garraio publikoaren erabiltzaile-kopuru handiena izaten du Irunen, eta ia milioi bat bidaiari (988.823 ) izan zituen, % 23,1 gehiago, hau da, 186.279 bidaia gehiago. L-2 lineak (Erdialdea-Katea) % 17,9 igo zen, 328.123 bidaia kontabilizatuta, aurreko urtean baino 50.026 gehiago.

L-3ak 60.063 bidaiari ibili zituen, hau da, 2020ko datuekin alderatuta, % 20,8 gehiago. Bestalde, L-4ak –hirugarren urte natural osoa du funtzionamenduan– 40.489 bidaiari izan zituen (2020an 34.632 izan ziren), hau da, % 16,9 gehiago.

Gautxori da gaueko mugikortasunaren murrizketengatik gehien jaitsi den linea bakarra. Zerbitzu horrek 948 bidaiari izan zituen 2021ean (ekainera arte ez zen zerbitzua berreskuratu); hau da, % 35 gutxiago, duela urtebeteko balantzearekin alderatuz gero. Mugikortasun arloak bildu dituen datu horiek eskaripeko landa-garraioaren jardueraren zifra barne hartzen dute. Dagoeneko 9 urteko ibilbidea du Irunen, eta horietatik sei etengabe ari dira lanean, hau da, abuztuan ere bai. 2020an, autobus horrek 3.310 bidaiari izan zituen hamabi hilabetetan; iaz baino 578 bidaiari gehiago.

% 90 elektrikoa etorkizunean

Borja Olazabalek gogora ekarri ditu arloak Irunbusen dituen erronkak ere, hau da, hirian mugikortasun jasangarria bultzatzen jarraitzea. Hain zuzen ere, Tokiko Gobernu Batzarrak lehengo astean onetsi zuen 12 metroko hiri barruko lau autobus elektriko fabrikatzeko eta hornitzeko eta L-2aren buruan (suhiltzaileen geralekua) karga azkarreko sistema bat eta kotxetegian karga mantsoko sistema bat jartzeko kontratazioa. Halaber, Irunbuseko zerbitzu osorako, Zaisako eta Ospitaleko geralekuetakoak barne, "aukera" izeneko karga azkarreko sistema guztien mantentze-lanetarako kontratua ere sartzen da. 3.176.129 eurokoa da guztizko aurrekontua.

L-2 linea (Katea-Erdialdea) %100 elektriko bihurtzeko beharrezko azpiegitura osoa da. Proiektuak, gainera, Europako 1.250.000 euroko laguntzak ditu: 800.000 euro, autobusak erosteko, eta 450.000 euro, karga-sistemarako. Irunbusekin batera, gogoratu behar da Europako laguntzetako beste 342.000 euro autobus barruko ekipamendua digitalizatu eta modernizatzeko erabiliko direla. Proiektu hori duela gutxi onartu zuen Gobernu Batzordeak. Gogoratu behar da L-1 %100 elektrikoa dela 2019tik- L-2 da bigarren garrantzitsuena erabiltzaile-kopuruari dagokionez.

Mugikortasuneko ordezkariak, halaber, arloak ireki dituen beste lan-ildo batzuk ere aipatu ditu, batez ere Irungo erdialdea emisio gutxiko eremu bihurtzeko proiektu osoa eta Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Plan berria; honek duela gutxi aurkeztu zuen diagnostikoa. Plan hori udalaren ibilbide-orria da, "hiria klima-aldaketaren ondorioei aurre egiteko prest egon dadin ekimenak abian jartzen jarraitzeko eta aitzindari izateko", gaineratu du Olazabalek.

X