"Alkatea auzoetan" programa Anaka-Puianan izango da datorren astean

“Alkatea auzoetan” herritarrek parte hartzeko programa bat da, eta, beronen barruan, hurrengo astean Anaka-Puianan izango da alkatea. Joan den urtearen bukaeran, berriro jarri zen martxan programa, formatua berrituta, eta seigarren saioa izango du hau; aurrez, Behobian, Urdanibia auzoan, Elitxu-Lapitze eta Oñaurren San Miguelen, Santiagon eta Alde Zaharra-San Juanen egon zen alkatea.

Aurreko urteetan, saio bat egiten zen, auzo bakoitzeko auzo elkartearen lokalean, baina, oraingoan, aste osoa eskaintzen zaio auzoari: José Antonio Santano alkatea auzoan barrena doa auzotarren hobekuntza proposamenak, iradokizunak eta kexak biltzen. Gainera, auzotarrek udal webgunearen bidez helaraz ditzakete beren komentarioak, edo aurrez aurre, egun batean auzoan bertan instalatzen den karpa batean.

Hau da auzoko bisitako egutegia: Udalaren webgunean erabilgarri dago jada iradokizunen postontzia, asteartean (maiatzak 3) instalatuko da karpa, goizeko 11:00etan, Aristegi enbaxadorearen plazan, eta alkatea auzoan ibiliko da auzo-elkarteko ordezkariekin hurrengo egunean (maiatzak 4, asteazkena).

Webgunean kontsultatu ahalko dira ekimen honetan hartutako konpromisoak. Espazio horretan bertan ikusgai daude dagoeneko azken bisitan hartu zirenak, Alde Zaharra-San Juan auzoari dagozkionak, hain zuzen, iruzkin bakoitzaren azalpenarekin.

Hiriaren mantentze-lanei eta lorezaintzaren gaian, jasotako proposamenen arabera, Larretxipi kaleko baldosa hautsi eta solteak konponduko dira, auzotarrek esandako lekuetako zuhaitzak kimatuko dira, Jesus kaleko igogailua non dagoen adierazten duen seinale bat instalatuko da eta auzotarrek aipatutako beste gai batzuk landuko dira.

Mugikortasunarekin lotutako zenbait gai ere jaso ziren, eta horiek ere webgunean jaso dira dagozkien azalpenekin. Konpromisoen artean, Alde Zaharreko bolardoen sistema berrikusiko dute zerbitzu teknikoek, eta beharrezko hobekuntzak egingo dira beharrezko kasuetan. Hirigintzako, bizikidetzako eta Txingudiko Zerbitzuetako kontuak ere aipatu ziren, eta denak kontsultatu daitezke Udalaren webgunean.

Mónica Martínez Herritarren Partaidetzako ordezkariak adierazi duenez, «bisita guztietan bezala, gure konpromisoa da arlo eskudunekin batera auzotarrek adierazitako gaiak aztertzea, eta informazio hori guztia webgunean argitaratzea, kasuan kasuko azalpenekin».

 

X