Memoria historikoa ikastetxeetara hurbilduko da

Santi Jiménez ordezkariak, Gorka Añibarrok lagunduta, Memoria Historikoko arloak abian jarri duen proiektu pilotu bat aurkeztu du ostiral honetan. Bigarren Hezkuntza ikasleei zuzendutako ekimen bat da, eta hiriko historia ikastetxeetara modu berritzaile eta aitzindari batean eramatea da xedea.

Ordezkariak azaldu duenez, iazko azarotik «lanean ari gara Irungo ikastetxeekin eta memoria lantzen duten erakundeekin, memoria historikoaren inguruko zenbait jarduera egiteko. Bilera horien emaitza da proiektu hau».

Memoria historikoa gaitzat hartuta gure inguruan egiten den lehen escape streeta da. Jardueraren helburua Irungo ikasleak memoria historikoaren inguruan kontzientziatzea da, logika, orientazio eta abileziako jokoen bidez.

Hiria bera erabiliko da jokoaren agertoki gisa eta, beaz, jarduera mugitu eta dinamikoa izango da. «Oso modu aproposa da jokalariek beren ohiko ingurunean ikas dezaten, eta ingurune hori beste modu batean ikusteko gauza izan daitezen», adierazi dute Memoria Historikoko arlotik.

Jokoan hiriko intereseko sei gune bildu dira. Zuzeneko lotura dute memoria historikoarekin, leku bakoitzean iraganean gertatutakoen berri emango baita. Intereseko gune batetik bestera pasatzeko, bizkortasun, logika eta abilezia mentaleko zenbait proba gainditu beharko dira, betiere hiriaren historia pedagogikoki ikasteko asmoz.

Proiektua Euskape enpresarekin batera landu da. Mondragon Unibertsitateko Lidergo, Ekintzailetza eta Berrikuntza graduko gazte ekintzaileek osatutako STRØM elkartearen kide da. EUSKAP 2019an sortu zen Bilbon, askotariko ekitaldietara publikoa erakartzeko eta kontzientziatzeko beharrari erantzuteko. 2021ean, Bizkaired berrikuntza-saria irabazi zuten. Esperimentu gisa jaio zena jokoaren bidez prestakuntza eskaintzeko jarduera bat da orain, eta enpresa eta erakundeei laguntzeko xedea ere badu, helburu sozial eta didaktikoa duten escape room ibiltariak antolatuta. 

Proiektu pilotu honetan DBHko 3. eta 4. mailako 300 ikaslek baino gehiagok parte hartuko dute, Txingudi, Toki Alai eta Eguzkitzakoak. Jokoaren saioak maiatzaren 2tik 6rako astean egingo dira.

Gune hauek izango ditu jokoak Irunen:

1.- Nazioarteko zubia- Lehen puntu honetan, zubia ihes egiteko bide izan zeneko urteak ekarriko ditugu gogora. Biktima horietako asko hilabete batzuen buruan itzuli ziren, beste batzuk urte batzuen ondoren, baina ehunka pertsona ez ziren inoiz itzuli.

2.- Gal estadioa - Futbol-zelaitik haratago, bertan izandako kontzentrazio-esparruaren zantzuak bilatu eta oroituko ditugu.

3.- Olaberriko kanala - Presoen eraiki zuten kanal/errekasto hau, Francoren garaian, kartzelaldiak murrizteko. Kanala bi urtetan egin zen, eta oso baldintza gogorretan aritu ziren lanean langileak, egunean 12 ordutik gora ere lan eginez.

4- Irungo Udaletxea - Informazio-puntu bateratua. Komunikazio-puntua. 1936an ez zegoen mugikorrik, ez internetik. Hiritik kanpoko, gerra-fronteko eta abarreko albisteen berri izateko aukera bakarra udaletxera joatea zen.

5.- Irungo kasinoa - Oso eraikin ezaguna da, Colón pasealekuan. Eraikin historikoa da, eta erreferentea izan zen gerra garaian. Jantokia izan zen, antolakuntzako eta hornikuntzako tokia, etab.

6.- Zentro errepublikanoa - Jarduera politiko errepublikanoaren gunea Zabaltza plazan. Bilerak, mobilizazioak, manifestazioak eta abar egiten ziren bertan. Eraikin horrek Bigarren Errepublikan izan zuen historia eta garrantzia ezagutzera ematea da helburua.

X