Irungo alkateak bere tristura sakona erakutsi du Bidasoa ibaiko uretan gizon bat hil dela baieztatu ostean

 

Gaur arratsaldean, Guardia Zibileko agenteek pertsona baten gorpua aurkitu dute Bidasoa ibaian, eta uste da martxoaren 12an, beste bi migratzaileekin batera ibaia gurutzatzen saiatu zen  Ibrahim Diallo,  gazte senegaldarraren hilotza dela. 

Gertatutakoaren xehetasunak argitu eta nor den baieztatu bitartean, Irungo alkate Jose Antonio Santanok tristura eta samin sakona adierazi du "muga igaro nahian gure hirira iristen diren gazte eta euren bizitza jokoan jarrita, tragedian amaitzen den beste kasu baten aurrean". 

Alkateak gure esku dauden baliabide guztiak eskaini nahi izan dizkie hildako gaztearen senide eta lagunei, eta babesa, elkartasuna eta maitasuna adierazi nahi izan die.

Bidasoako uretan laugarrenez errepikatzen den giza drama horren aurrean, Santanok Europako migrazio-politiketan irtenbideak eskatu ditu berriro, eta korridore humanitario seguruen alde egin du, baita mugan ere. 

X