Hasi dira Oteiza Basterretxea tailer etxean olana bat jartzeko lanak

Irungo Udalak berriki adierazi zuen bezala, abian dira Oteiza Basterretxea tailer-etxean olana bat jartzeko lanak, eraikinaren balioa hirian zabaltzeko helburuekin bat. Kultura eta Obra arloek hainbat lerro irekita dituzte, Iparralde hiribideko eraikina zaintzeko, haren irudia hobetzeko eta gehiago honda ez dadin prebenitzeko.

Aurreneko urratsa egitura bat jartzen hastea izan da. Ondoren, olana egitura horretan jarriko da, datozen egunetan. Olanaren aurreko aldean etxearen altxaera eta Luis Valleten marrazki koloredun original bat konbinatu dira. Gogoan izan behar da jatorrizko proiektua aldatu egin zela etxea eraiki bitartean. Horrela, aurreko bi balkoien bolumenak erreproduzitzen dira, baita leiho handien arotzeria ere.

Alboan, «Tailer-etxea Casa-taller» aipamena jasoko da, bai eta proiektuaren arduradunen izenak ere: Jorge Oteiza, Nestor Basterretxea eta Luis Vallet. Jatorriz, fatxada hori zuriz margotua zegoen, etxearen gainerako aldeak bezala. Oteizak han egiten zuen lan.  Goiko terrazako hustubide batzuk daude bertan, eta metalezko arotzeriako leiho bat esmalte beltzez margotua (komuneko leihoa zen). Hori guztia olanan jasoa dago.

Olana honek ekialdeko eta hegoaldeko fatxadak estaliko ditu (hau da, Iparralde hiribidetik gehien ikusten direnak), baina, lan hauen barruan, iparraldeko fatxada ere birgaituko da. Horretarako, fatxada ondoko sestrako sastrakak moztuko dira, estalkia zulatu eta zarpiatuko da, beira-zuntzezko sareta bat jarriko da material desberdinen arteko tarteetan eta, azkenik, fatxada zuriz pintatuko da. Lanek 38.102,90 €-ko aurrekontua dute, eta Druck Servicios Gráficos SLU enpresari esleitu zaizkio.

Etorkizunerako gaikuntzari dagokionez, Kultura arloak hainbat azterlan egin ditu, lehengo tailer-etxea berreskuratzeko eta abangoardia artistikoekin lotura izan zezakeen kultura-zentro gisa egokitzeko, betiere Oteizak eta Basterretxeak beren sorkuntza-prozesuak Irunen kokatu zituzten garaia ere kontuan hartuta (1957-1974). Alde horretatik, "Mugarte" izenarekin, proiektuak artea, kultura eta muga sustatzeko eta artxibatzeko lana egin nahi du, besteak beste, eta arte garaikidea sortzeko eta zabaltzeko espazio bat izan.

Aldi berean, Luis Vallet arkitektoak proiektatutako tailer-etxeari dagokionez ere, eta haren memoria berreskuratu eta imaginario kolektiboan sartzeko, Kultura arlotik gogorarazi dute 2021ean Maushaus arkitektura-tailerrarekin lankidetzan aritu dela.  Zehazki, familia-tailerraren formatua izan zen; tailer-etxearen maketa bat egin zen eta klariona-laborategi bat egin zen, Oteizak berak egiten zuen lana gogora ekarriz. 2022an, beste ekintza batzuk aurreikusi dira, bi artisten lana eta etxean bizi izan ziren garaian biek garatu zituzten proiektuak interpretatzeko.

Etxea

Iparralde hiribidean dago tailer-etxea. Proiektua 1956 eta 1958 artean gauzatu zen, eta arkitektoa zen Luis Valletek zuzendu zuen. Hormigoi armatuzko prisma zuri bat da, zutoin batzuen gainean pausatua. Arkitektura arrazionalistaren adibide da. Eraikinean beren lan artistikoa egin zuten Oteizak eta Basterretxeak eta, gainera, han bizi ziren.

Eraikinaren hasierako proiektua forma sinpleko edukiontzi bat zen, zutoin gainean paratutako kutxa bat: espazio irekiak eta argi naturala zituen gela guztietan. Ondoren, Oteizak eta Basterretxeak beren modura modulatu zituzten espazioak, teilatu lau bat gehitu zen eta beste bolumen bat gehitu zen, klera laborategi gisa erabiltzeko. Eraikinak bi solairu ditu fatxada nagusian eta hiru atzealdean, inguruaren desnibela dela eta. Aipatzekoak dira leihoen bost baoak eta, horien artean, balkoi ia kubikoak. Jorge Oteizak eta Nestor Basterretxeak Irunen gauzatu zituzten beren sormen-proiektuak 1957tik 1974ra.

X