Ayuntamiento de
Buscador

Irun, erromatar helmuga

            Irun hiria protagonistetako bat izan da Euskadik egun hauetan Madrilen egiten ari den FITUR Nazioarteko Turismo Azokan duen standean egin diren aurkezpenetan. Bidasoa Bizirikekin batera, José Antonio Santano Irungo alkatea eta Miguel Ángel Páez lehen alkateordea eta Eskualdeko Garapen Agentziako lehendakaria izan dira ekitaldian. 

Javier Hurtado Turismo sailburuak ere parte hartu du aurkezpenean, eta alkateak "Irun, erromatar helmuga" proiektuaren berri eman du. Proiektu horrek hiriaren iragan erromatarra eta antzinako Oiassoren inguruko ondare historiko eta kulturala sustatu eta zabaltzeko abian jarritako ekimen guztiak biltzen ditu: erromatar museoa eta portuko hondakinak, Ama Xantalengo nekropolia, Irugurutzetako meategiak... Hiria turismo-leku erakargarri bihurtzen duten erreferentziak dira, eta, gainera, Atlantikoko Hiri Erromatarren Sarearen bidez ere bultzada jaso berri du.

"Turismorako leku berezia gara, erromatar iragana baitugu, eta hori  berezia da Atlantikoko ardatzaz ari bagara. Aurkikuntzek erromatarren presentzia erakutsi zuten, eta horrek aldatu egin zuen hiriaren historia eta posizionamendua", azaldu du Santanok. Bestalde, Miguel Ángel Páez pozik agertu da, eskualdeko eskaintzari balio erantsia ematen dioten turismoko erakargarri bereziak gehitzen jarraitzeagatik. Horretarako, FITUR eszenatoki egokia da; beraz, aurten ere ezin genuen hutsik egin”.

"Gure oinen azpian erromatarren kokagune bat dago, mundu erromatarrean erreferentzia izan zen merkataritza- eta portu-zentro garrantzitsua izan zena. Horrek aukera ematen digu hirian gauza asko egiteko. Irunek lehen mailako erromatar museo bat dauka, urtean milaka bisita izaten dituena, eta elementu nagusia, portu erromatarra. Horrekin batera, Espainian erreferentea den zinemaldi arkeologiko bat dugu, eta Dies Oiassonis, hiria Oiasso zaharra bihurtzen deneko ikuskizuna", gogoratu du alkateak.

 

Termak, Europako funtsekin

Aurkezpenean, Irun erromatarraren barruko proiektu estrategiko baten aurrerapausoak nabarmendu ditu alkateak: "arkeologi eta ondare balio handi bat berreskuratzea falta zaigu: Oiassoko termak". Erromatarren munduan, termak ura tenperatura desberdinetan zuten bainugelak ziren. Ariketa fisikoa egiteko eta aisialdirako ere erabiltzen zituzten.

Oiassoko terma publikoak museoaren atzeko lorategian kokatu eta hondeatu ziren, eta museoaren parte izateko zain daude. Indusketetan, hiru gela aurkitu ziren hipokaustoa zutenak. Berokuntza-sistema bat da, zoru hutsetik aire beroa ibiliz berotzen duena.

Termak museoaren ondoko orube batean daude, eta, berreskuratu eta museoan sartzeko, proiektuak bi milioi jasoko ditu Europako funtsetatik. Azpimarratu behar da Euskadi osoko 11 proiektuetako bat Irun izan dela funts horiek jasotzeko aukeratua; Gipuzkoan bakarra, Donostiarekin batera. Helburua da Oiassoko Termei balioa ematea eta bisitatzeko moduan jartzea Museoaren digitalizazioarekin bat eginez, eta hainbat neurri hartzea Irun turismo-helmuga adimendun bihurtzeko (digitalizazioa, seinaleak, komunikazioa eta irisgarritasuna hobetzeko neurriak).

Oiassoko Terma Erromatarrak hiriko ondare arkeologikoaren zati garrantzitsua dira.  Jarduketa horri esker, aztarna arkeologikoak eta ondarekoak gorde daitezke, eta turismo-helmugaren eskaintzan sartu, bai bisitarientzat, bai bertako turismorako, esperientzia paregabe baten bidez. "Jarduketa honekin puntu enblematiko bat osatuko da, balio historiko eta turistiko handikoa, turismorako trakzio-efektua duena, eta, horrez gain, baliabidea hobetu egingo da, jasangarritasunari eta berezitasunari dagokienez. Jarduketa horrek bultzada handia emango du turismo lehiakorra, dinamizatzailea eta kalitatezkoa izan dezagun", nabarmendu du alkateak.

Jarduera nagusia Terma Erromatarren aurriak estaliko dituen eraikina egokitzea da, Irungo Oiasso Museoaren egungo eraikinaren ondoan. Eta horretarako, arreta berezia jarriko da energia-efizientziarako baldintzetan, eta kutsadura akustikoa eta argi-kutsadura murriztean, horrela baliabide eta esperientzia turistikoa hobetze aldera.

X