Ayuntamiento de
Buscador

Julia Iruretagoyena berdintasun-bekaren lehen edizioa deitu du Udalak

Miren Echeveste Berdintasuneko ordezkariak Julia Iruretagoyena ikerketa-bekaren lehen edizioa aurkeztu du asteazken honetan.

«Niretzat, ordezkari gisa, oso garrantzitsua da beka honen lehen edizioa aurkezteko aukera hau. Irungo emakumeek izandako rola aitortzea eta hiriko bizitzaren esparru guztietan egin zuten ekarpena ezagutzea oso garrantzitsua da gure arloarentzat eta Udalarentzat», adierazi du Echevestek. «Gainera, horretarako emakume bikain bat omenduko dugu: Julia Iruretagoyena, emakumeen ikasteko eskubidearen aldeko borrokalaria eta erbesteratua, noiz eta emakumeek gizartean beren lekua bilatzeko zailtasun ugari zituzten garai batean».

Bekaren xedea da Irungo emakumeen ekarpen historikoa nabarmentzea. Ekarpen hori arlo ugaritakoa izan da: lanean, gizartean, ekonomian, politikan eta kulturan. Lana argitaratu gabea izan behar da. Ez dira onartuko aldez aurretik saritutako lanak, ez itzulpenak edo moldaketak. Ikerketa ezingo da bi urtetik gora luzatu.

Beka eska dezakete pertsona fisiko indibidualek edo taldeek, eta Gizarte Zientzien alorreko goi- edo erdi-mailako unibertsitate-titulua izan beharko dute, edota ikerketaren xedeari lotutakoa. Bi urtean behingo beka honen zuzkidura ekonomikoa 18.000 euro da.

 

Eskabideak eta aurkezteko epea eta lekua.

Deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, eskabideak aurkezteko epea otsailaren 14ra arte luzatuko da. Interesdunek Udalaren egoitza elektronikoak aurkez ditzakete proposamenak, https://www.irun.org webgunean.

Hautaketa-batzordearen kide izango dira Historiaren, Gizarte Antropologiaren edo Gizarte Zientzien alorreko ordezkari bat (ikerketa feministako lanetako erreferentea), berdintasun-teknikari bat eta arloko ordezkaria. Proiektuaren jatorrizko memoria eta formatu digitaleko fitxategi bat betiko geratuko dira gordailututa Irungo Udaleko Artxibo Zerbitzuan, historiari buruzko informazio-dokumentu gisa, eta herritarrek kontsultatzeko aukera izango dute.

Deialdiaren oinarriak udal webgunean kontsultatu daitezke.

Beka honekin Irungo Udalak eskaintzen dituen antzeko ekimenak osatuko dira. Izan ere, beste beka batzuk ere ematen ditu Udalak: Serapio Múgica beka, tokiko historia ikertzeko; arte garaikideari buruzko Ribera bekak; Gazteartean beka, gazteriaren alorrean eta, berrikiago, Iñigo Muguruza beka, euskal esparruko azken hamarkadetako musika modernoaren inguruko ikerketa sustatzera bideratua.

Julia Iruretagoyena

Julia Iruretagoyena Irunen jaio zen 1886an. Aita Leónekoa zuen, eta ama, Maria Selles, hendaiarra. Aita Irungo alkate errepublikanoa izan zen, Errepublika ezarri aurretik ere. Txikitatik izan zuen Julia Iruretagoyenak politikarekiko konpromisoa, eta Donibane Garazin ezagutu zuen Tomas Meabe, gerora bere bikotekidea izango zena. Bizkaitarra zen sortzez Meabe, baina Iparraldera ihes egin behar izan zuen, errepresiotik ihesi. Bizitza gogorra izan zuten biek ala biek, gorabehera eta zailtasunez betea, eta sarritan ezkutuan edo iheska ibili behar izan zuten. 1912an, seme bat izan zuten: León. Tomasek tuberkulosia zuen, eta 1915ean hil zen.

Senarra hil eta gero hasi zen Juliaren benetako abentura. Familiarekin Irunera itzuli zen baina, hala ere, aurki Madrilera joan zen bizitzera. Han, agrupazio sozialistako kide egin zen eta ikasleen egoitzako zuzendaritzan lan egin zuen. Emakumeen hezkuntza jasotzeko eskubidearen alde borrokatu zen. Aurrena, Maria de Maeztu zirkuluan eta gero feminismoaren indargune izango zen Lyceum klubean.

Julia Iruretagoyenaren laguna izan zen Victoria Kent, Estatu osoan unibertsitatera joan zen lehen emakumea. Juliaren semea 1936ko gerran hil zen, lan egiten zuen laborategian gertatutako eztanda batean, eta irundarrak Pariseko bidea hartu zuen, familiarekin eta Kentekin batera. Bigarren Mundu Gerratik ihesi, Mexikora hoan ziren. Han, Juliak errepublikano erbesteratuei laguntzen lan egin zuen 1954an hil zen arte. Haren gorpua semearen eta Meaberen ondoan lurperatzea izan zen Iruretagoyenaren azken nahia. Hori, ordea, ez zen 2017ra arte bete, orduan eraman baitzuten bere gorpuzkia Derioko hilerrira.

(Iturria: Parean Elkartea «Irungo Emakume esanguratsu eta lanbideen paseoa»). Irungo emakumeak plazara | Parean

X