Elitxu-Lapice, "Alkatea auzoetan" programaren hirugarren geltokia

            Egun hauetan, “Alkatea auzoetan” programak Elitxu-Lapitze du ardatz. Joan den ostegunean, José Antonio Santano alkatea auzoan izan zen, eta, hilaren 27an, itzuli egingo da. Auzotarrekin eta auzo elkarteko arduradunekin batera, auzoan barrena ibili zen, eta bertakoen eskaerak zuzenean entzun eta jasotzeko aukera izan zuen.

Programa berritu egin dugu edizio honetan, aldaketa batzuk txertatuta, pandemiak ekarri duen etenaldiaren ondoren. Horrela, auzo bakoitzak astebete izango du Udalari ekarpenak, kexak, iradokizunak eta abar helarazteko. Horretarako, Udalaren webgunea erabil daiteke, auzoan bertan instalatzen den karpan eta hautetsontzian iradokizunak botata edo alkateak eginiko bisitan azalduta.

Guztira, berrogei ekarpen inguru jaso dira Elitxu-Lapitzen, askotariko gaiei buruzkoak; funtsean, hiriaren mantentzeari eta mugikortasunari buruzkoak. Hilaren 27an, esan bezala, auzora itzuliko da alkatea, Oñaurreko kaleetara. Hurrengo pausoa dagozkion udal departamentuen artean bilera egitea izango da, gai guztiak aztertzeko, eta, ondoren, Informazioaren Gizarterako eta Herritarren Partaidetzarako Arloak Udalaren webgunean (www.irun.org helbidean) argitaratuko ditu ekarpenak; bertan, gainera, hartzen diren konpromisoen betetze mailaren jarraipena egingo da.

“Alkatea auzoetan” programa 2011ko abenduan jarri zen martxan, Udalaren eta hiriko auzoen eta auzo elkarteen arteko zuzeneko elkarrizketa sustatzeko. Lehenengo saioa Larreaundin egin zen, eta, ordutik, 34 bilera egin dira, hiriko auzo elkarteen lokaletan, eta 1.000 eskaera baino gehiago jaso (600 baino gehiago, azken agintaldian), irun.org webgunean jendaurrean jarri direnak: bertan, aldian-aldian, auzoz auzoko eskaerak eta bakoitzaren kudeaketa maila argitaratu dira.

 

Alcalde Barrios Elitxu Lapice 1

X