Egoiliarren TAO txartelak berritzeko kanpaina

Mugikortasun Arloak jakinarazi duenez, aste honetan hasi da 2022rako TAO txartelak berritzeko kanpaina. Herritarrei izapideak errazteko eta kontrolean aurrera egiteko, Irungo Udala betiko balio duten egoiliar txartelak banatzen ari da azken urteotan. Txartel horiek automatikoki berritzen dira, egoiliar izateko baldintzak betetzen jarraitzen bada betiere, eta, beraz, urtea amaitzen denean ez dira kendu behar ibilgailutik.

Baldintzak betetzen dituzten eta tasaren ordainketa helbideratuta duten egoiliarren egungo txartela automatikoki berrituko da. 2022rako, 33,60 eurokoa da tasa, bederatzigarren urtez jarraian % 30 behereagoa 2013koa baino, orduan 48 eurokoa baitzen, eta urtarrilaren 31ean zordunduko da ordainketa, egun horretan bukatuko baita kanpaina.

Udalak helbideratzea eskatzeko gomendatzen die egoiliarrei. Egoitza elektronikoan eska dezakete, www.irun.org/sac helbidean, Irun Txartela erabiliz, edo, ez badute Irun Txartela, beste ziurtagiri digital bat baliatuz, urtarrilaren 21era bitartean. Ordainketa helbideratuta ez duten egoiliarrek egoitza elektronikoaren bidez egin dezakete, www.irun.org/sac helbidean, Irun Txartelarekin edo beste ziurtagiri digital batekin sartuta, edo, besterik gabe, www.irun.org/pagotributos helbidean, Udalak egun hauetan posta elektronikoaren bidez bidaliko dizkien datuak sartuta.

Behin epea amaituta, ordainagiriaren ordainketa helbideratuta ez duten eta tasa ordaindu ez duten erabiltzaileen TAO txartela balio gabe geldituko da.

X