Gaztainondo kalean igogailua instalatzeko lehenengo pausoak

Obra Arloak martxan jarri du San Migel auzoan Gaztainondo kaleko 5. zenbakiaren eta Geltoki kalearen arteko oinezko pasabidean igogailu bat instalatzeko proiektua. Lehenengo pausoa proiektua idazteko lanak enkargatzea izan da, egin beharreko lanak paperean zehazteko.

Obretako ordezkari Cristina Labordak azaldu duenez, “inguruko biztanleek eta auzo elkarteak behin baino gehiagotan eskatu dute jarduketa hau. Bada, orain idazten hasiko diren proiektuak argituko digu zein izan daitekeen biderik onena igogailua instalatzeko eta, horrela, oinezkoentzako pasabidean dauden eskailerak igo behar ez izateko eta pasabidea egokitu eta % 100 irisgarria izateko”.

Zehazki, proiektuaren helburua da igogailu bat instalatuta aipatutako bi kaleak lotzea eta, aldi berean, bi kaleen artean oinezko beste lotura bat mantentzea, irisgarritasunari buruzko indarreko arauak beteta betiere.

Horretarako, lanak egiten diren puntuaren inguruko eremua aztertu eta egokituko da, igogailua integratuta gera dadin eta emaitza inguruarekin koherentea izan dadin, eta arreta berezia jarriko da inguruko gune pribatuetan eraginik ez izateko, hala nola eraikinetan eta ADIFen aparkalekuan. 

Lan nagusiak egingo diren tokiaren inguruaz gain, Anaka kaleko ibilbide nagusiarekiko oinezkoentzako lotura aztertzea aurreikusi da, aipatutako lotunean oinezkoen irisgarritasuna eta argiztapen egokia bermatzeko beharrezkoak diren jarduketa puntual edo bigarren mailakoak zehazteko. Proiektua idazteko lanetarako aurrekontua 25.000 € da.

José Ramón Agirretxe plaza

Obra Arloak beste proiektu bat idazteko lanak enkargatu ditu berriki: José Ramón Agirretxe plaza berrantolatzeko proiektua –Luis Mariano kalearen eta parkingeko sarreraren ondoan dago José Ramón Agirretxe plaza–. Aurrekontua 20.000 euro da, eta helburua, paperean ikustea zein izan daitezkeen soluzio egokiak, aurrera jarraituko den baloratzeko.

X