Irungo etorkizuna lantzeko erakunde arteko lan ildoak

 

Bozeramaileen Batzordearen bileran, Irungo alkate José Antonio Santanok, Udal Gobernuaren izenean, zeina Irungo Sozialistek eta Elkarrekin Podemos – Ezker Anitza udal taldeek eratzen duten, “Irungo etorkizuna lantzeko erakunde arteko lan ildoak” izenburuko dokumentu bat aurkeztu die gainontzeko udal taldeei.

Proposamenaren helburua da udal taldeek hirirako estrategikoak diren proiektuen inguruan bat egitea. Izan ere, horrelako proiektuetan, beste erakunde batzuek ere parte hartzen dute, eta, horrela, dokumentuaren bidez, proiektuak eztabaida politikotik kanpo utzi nahi dira, eta jarrera komuna hartu, Udalaren batasuna balio erantsia izan dadin funtsezkoak diren esparru batzuetan (pertsonentzako arretan, mugikortasunean, ekonomiaren susperraldian, jasangarritasunean eta ingurumenean) aurrera egiteko neurriak hartzeko.    

Gaur helarazi zaie dokumentua bozeramaileei, balorazioa egin eta egokia iruditzen bazaie hobekuntza proposamenak aurkez ditzaten, eta honako hau da:

Irunek, azkenaldian lantzen ari den proiektuetarako, horietan parte hartzen duten gainerako erakundeen babes irmoa behar du, aurrekontu-ekarpenak barne. Hirian aurrera egiteko ezinbesteko proiektuak dira, eta arlo ugaritakoak dira: pertsonen arreta, mugikortasuna, aktibazio ekonomikoa edo ingurumena.

Kontuan izan behar da proiektu horiek Irungo Udalean ordezkatutako talde politiko guztien babesa dutela, eta 2022ko Irungo kontuan onesteko atariko lanetan, udal-gobernuak gainerako taldeei esfortzuak elkarrekin egiteko proposatzen die, adostasunezko proiektuak lortzeko.

VIA IRUN PROIEKTUA

Asmo handiko eta ibilbide luzeko proiektua da eta, haren nolakotasuna dela eta, beharrezkoa da administrazio guztiak elkarlanean aritzea.

Adifek prest du dagoeneko nazioarteko geltoki berriaren proiektua, eta Espainiako Gobernuaren aurrekontuetan sartuta dauka trenbidea estaltzeko proiektua. Horri esker, hobetu egingo dira hiriko auzoen arteko loturak.

Eusko Jaurlaritza bere eskumeneko trenbidea burdinbidearen espazio berriari nola egokitu aztertzen ari da. Gehiago egin behar da, ordea. 2022 honetan proiektua eta finantzaketa behar ditugu, topoaren ibilbide eta geltoki berria Via Irunen eremuan txertatzeko.

Via Irun proiektuak hainbat diziplina ukitzen ditu, eta haren barnean sartzen da, halaber, Irun erdialdean jarduera ekonomiko berriak egitea. Aldundiak ebatzi du dagoeneko Via Irun proiektua estrategikoa dela, eta orain, Udalarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin batera, hiri-espazio berritzaile, inklusibo eta adimenduna sustatu behar du, garraioaren, mugikortasunaren, logistikaren eta retail 4.0 delakoaren arloan.

Erakunde arteko mahaian ordezkatuta daude Adif, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Udala bera, eta bertan landu behar da proiektu horien garapen erreala, erakunde bakoitzak bere eskudantzien esparruan jardunda.

TXINGUDIKO PLAN BEREZIA

Txingudiko Plan Berezia betetzeko konpromisoa. Ildo horretan, Udalak, Aldundiak eta Jaurlaritzak aurrekontu-zuzkidura eman behar dute, 1993an sinatutako akordioan adierazitako terminoetan, Plaiaundiko kirol-instalazioak lekualdatzeko eta Txenperenean beste berri batzuk eraikitzeko.

Era berean, Udalak Osinbiribilen egin zuen bezala, Eusko Jaurlaritzaren konpromiso finantzarioa behar dugu, Bidasoko uharteak (Galera, Santiagoaurre eta Irukanale) eta Alunda eta Lastaolako terrazak berriz ere publikoaren esku uzteko.

Azkenik, Irun Hondarribia eta Hendaiarekin lotuko dituen oinezko eta txirrindularientzako paseo bat egiteko proiektuari eta exekuzioari ekin behar zaio. Eusko Jaurlaritzaren ardura da hori.

HEGO INGURABIDEA

Lehen fasearen obrak amaitu eta gero, bigarren fasearen proiektua idazten ari dira, udalak finantzatuta. Fase horretan, errepidea Larreaundi auzoraino luzatzen da. Beharrezkotzat jotzen dugu jarduketa horri lehenengoaren finantzaketa-baldintza berberekin ekitea, Udalak eta Aldundiko Errepideen Departamentuak beste hitzarmen bat sinatuta.

Era berean, GI-636 errepidearen zati jakin batzuk hobetzeko aukera aztertzea eskatuko da, esate baterako, Kostorbeko sarreraren eta Zubimuxuko irteeraren arteko zatia.

ADINEKOENTZAKO BIZILEKUAK (MENDEKOTASUNA DUTENENTZAT ETA AUTONOMOAK DIRENENTZAT)

Erabakiak hartzeko atzerapenek, bizilekuen ereduaren krisiak eta finantzaketa pribatuaren interes faltak eraginda, zorroan hainbeste denbora daraman eta Irunen hain beharrezkoa den proiektu hau geldituta egotea eragin dute. 2022an, aitzitik, indarra hartu beharrean dago. Proiektuak eredu pertsonalizatuago bat ezarri behar du, finantzaketa publikoarekin.

AZKEN PORTU

Hiri-antolamendurako proposamen onena bilatu behar dugu Bidasoaren ertzean, bertan dauden interes guztiak uztartuta. Horretarako, egokitzat jo da Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailari eskatzea, ingurumenaren ikuspuntutik interesekoa dela uste badute, egungo jabeei lursailak erosteko eta espazio berde bat garatzeko.

HOBEKUNTZAK ZERBITZU SANITARIOETAN. HIRUGARREN ANBULATORIOA

Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu Irunen hirugarren anbulatorio bat eraikitzeko proiektu- eta obra-proposamena egin ditzala, kontuan izanik biztanleriak gora egin duela eta lehen mailako arretako eta espezialitateetako behar berriak sortu direla gure hirian, eta horiei hobeto erantzun behar zaiela.

GIZARTERATZEAREN ALORREKO BALIABIDEAK

Zorroa ezartzen zuen dekretua onetsi eta gero, ikusi dugu gizarteratzearen alorreko arazoei erantzuteko baliabideak ez direla guztiz abian jarri. Aldundiak defizita du gizarte-bazterketa eta marjinazio egoeran dauden pertsonentzako plaza kopuruan. Gainera, udal gehienek ez dituzte abian jarri zegozkien baliabideak, horretarako betebeharra zuten arren.

Premiazkoa da administrazio bakoitzak zorroa onesten duen dekretuak ezartzen dizkion betebeharrak betetzea, eta horixe jakinarazi diogu Aldundiaren Gizarte Zerbitzuen departamentuari.

ONDARE HISTORIKOAREN HOBEKUNTZAK

Kezkatuta gaude, agerikoa baita Urdanibia jauregia eta datxezkion errota eta burdinola narriatzen ari direla. Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak elementu horiek mantentzeko beharrezko proiektuari eta obrari heldu behar die. Kontuan izan behar da Euskadiko Monumentu Historiko Artistikoaren izendapena dutela.

 

X