CBAren bigarren fasea, martxan

Irungo alkate José Antonio Santanok, Obretako ordezkari Cristina Labordak, eta Kultura arloko zuzendari Eunate Encinasek Carlos Blanco Aguinaga kulturgunearen bigarren faseko proiektuaren ildo nagusiak azaldu dituzte. Tokiko Gobernu Batzarrak joan den abenduko azken astean onartu eta lizitatu zuen proiektua.

“Urte honetako inbertsio nagusietako bat da, eta kulturari eskainiko diogu”, adierazi du alkateak, behin lanak esleituta berauek egikarituko diren lekuan bertan. “Duela zazpi urte zabaldu zen CBA, eta iraultza izan zen, oso aldaketa onuragarria hiriko kultur eskaintzaren barruan, liburutegi handi, moderno eta irisgarriagoa ekarri baitzigun. Hala ere, oraindik zerbait falta zitzaigun jatorrizko proiektua osatzeko, eta orain beteko dugu hutsunea, erabilgarri dugun lekua ia bikoiztu egingo duen eta ekipamendu berriak ekarriko dizkigun proposamen bati esker”.   

Proiektuaren barruan, CBAren San Juaneko lurpeko lehenengo solairuaren azalera 2.400 m2 handituko da –gaur egun, 2.700 m2 da–, eta, eremu berri horretan, erabilera berriak kokatuko dira, programazioa nabarmen sendotzeko aukera emango dutenak. Horretarako, gune berriak sortuko dira, hala nola kontzertuak eta bestelako emanaldiak antolatzeko areto bat.

Kamerinoak, komun publikoak, biltegiak eta materialak zamatzeko gune bat ere egokituko dira areto horretarako, eta Prudencia Arbide karrikan kokatuko da sarrera. Hiru modutan antolatu ahalko da aretoa. Batetik, agertoki klasiko bat instalatu ahalko da, hitzaldiak eta ikus-entzunezkoen proiekzioak antolatzeko, 91 eserlekuko harmaila barneragarri batekin; gainera, bi, hiru eta lau besaulkiko banku mugikorrak (beste 64 eserleku) instalatu ahal izatea aurreikusten da. Bestetik, aretoaren erdian jarri ahalko da agertokia, eserlekuz inguratuta. Azkenik, jendeak zutik ikusteko ikuskizunetarako erabili ahalko da aretoa, X lagunentzat.

Oso areto garrantzitsua izango da, berritasuna izango baita hirian: hirian ez dago horrelako gune publikorik, eta, hortaz, areto berria sortuta, programazioa nabarmen sendotuko da, gaur egun beren beharrak eta formatua kontuan izanik antolatu ezin diren ekitaldiak antolatzeko aukera emango baitu. Gainera, CBA sortu zenean finkatu zen eginkizunari zentzua ezartzeko balioko du: orduan, duela zazpi urte, “hizkuntzak eta mintzairak” hartu zen lelotzat, eta lelo horri jarraikiz lan egin du Kultura Arloak. Horrela, hizkuntza kontzeptua, hitzarekin eta hizkuntzarekin zerikusia duen oro, 2015ean zabaldutako liburutegian jorratzen da, bertako programazioaren, mailegu zerbitzuaren eta ikasketa gelen bidez, beste hizkuntza batzuekiko elkarlanean eta adierarik zabalenean, mundu global, ireki eta askotariko bati begira.

Bigarren fasean, berriz, kultur, gazte eta arte mintzairen munduari helduko zaio: musikari, arte bisualei, antzerkiari, dantzari, ikus-entzunezko instalazioei, eskulturari, modari, argazkilaritzari, ikerkuntza artistikoari... Gainera, #IrunZuzenean eta #IrunFaktory markei eta jardueren agenda dinamizatzeko beste programa batzuei leku egingo zaie.  Hori guztia, arte eta kultura garaikidea sortzeko, trebatzeko, eskuratzeko eta zabaltzeko gune batean.

Erabilera anitz

Arte eszenikoetarako aretoaz gain, erabilera berriak kokatzea aurreikusten da, hala nola liburutegiko ikasketa gela handitzea eta formatu ezberdinetako erakusketak jartzeko moduan diseinatutako gune bat sortzea, lehenengo faseko CBAren erabilera eta proposamen aniztasunaren ildotik. Era berean, langelak sortzea aurreikusten da, bilerak eta bestelako jarduerak egiteko, baita Gazteartean gazteria zerbitzuaren jardunerako gune bat ere. Gainera, komunetarako eta artxibotarako tokia handituko dira.

Azkenik, bigarren faseko proiektuak gogoan du eraikinaren hasierako kontzeptua, zeina erdiko patio obalatuaren inguruan taxutu zen; izan ere, argi naturala sartzeko bide bakarra da patio hori, eta kulturgunearen barruan orientatzeko ikusizko erreferentzia bat. Bada, erabilera nagusi gehienak, erabiltzaileak luzaro egongo diren lekuak, haren inguruan kokatu nahi izan dira, eta gune osagarriak kanpoaldera eraman.

Kulturgunea handitzeko lanak egitearekin batera, sarrera berri bat sortuko da, Jesus karrikan, Alde Zaharretik sartzeko, baita beste sarrera bat ere patio obalatuan, bi mailatan (oinezkoentzako pasarelan eta sotoko solairuan). Proposamenak oinplano libreko barne hall baten bidez biak lotzea eta eremu jarraitu bat sortzea aurreikusten du, non jarduera eszenikoak eta askotariko beste jarduera batzuk egin ahalko diren, hala nola egon eta aldi baterako erakusketak jarri. Guztira, jarduketaren aurrekontua 3.880.570,25 euro da, BEZa barne, eta lanak egiteko epea, hamabi hilabete.

X