Hego Ingurabidea egia bihurtu da

Hego ingurabidearen lehenengo faseko zatia abenduaren 2an irekiko da ibilgailuentzat, ostegunarekin, eguerdian.           690 metro luze da, eta, A-8 errepidearekiko paraleloan, Oñaurre eta Txenperenea auzoak lotzen ditu, hiru zirkulazio erreiren bidez –lau ere bihurtu ahalko dira–. Lehen fase honen hasierako aurrekontua 7.048.544,04 eurokoa zen, eta horietatik 6 milioi Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatu ditu, Irungo sarbideak hobetzeko helburuaren baitan.

Gainera, proiektuaren barruan, Txenperenea eta Euskal Herria hiribidea lotu dira; bada, horretarako aurrekontu gehigarria 1.167.151,77 euro izan da, eta udal funtsak erabiliz finantzatu da osorik. Era berean, horren aurretik Aldundiak Oñaurreko biribilgunearen obrak eta AP-8 autopistako lotura finantzatu eta gauzatu zituen Bidegi erakundearen bitartez, 8 milioiko inbertsioa eginez, osorik foru funtsen bidez finantzatuak. Guztira 14 milioi euroko apustua egin du Foru Aldundiak Irunen alde.

Irekieraren egun honetan Hego Ingurabidera hurbildu dira Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Jose Antonio Santano Irungo alkatea, Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatua, Cristina Laborda Obretako udal ordezkaria eta Borja Olazabal Mugikortasun arloko ordezkaria, eta bertatik bertara ikusi nahi izan dute amaitu berri den obra, udalerriaren irisgarritasuna nabarmen hobetuko duen obra baita, hain zuzen ere.

Auzoen arteko konexio hobea eta sarbide hobeak

Hego ingurabidearen lehenengo faseko zatiak, Bidegik Oñaurre parean egin zuen irteerarekin batera, hiriko sarrera nabarmen hobetzea ekarriko du, eta hirigunea inguratzeko eta Irunera sartzeko zirkulazioa banatzeko aukera emango du, Txenperenean barrena Iñude kalea (Oñaurre) eta Larreaundi eta Lapitze auzoak lotuta.

Gogoan izan beharra dago Udalak eta Foru Aldundiak akordio bat egin zutela hego ingurabidearen proiektua martxan jartzeko eta, horrela, Udalak aspaldidanik egindako eskaera bati erantzuteko: hiriko sarbideak hobetzea; izan ere, GI-636 errepidearen Irungo zatia ez zegoen bitan banatuta. Lanen kudeaketa, lizitazioa eta kontratazioa Irungo Udalaren ardura izan da baina finantzazioa foru erakundearekin partekatu da, aldundia izan baita aurrez autopistako lotura eta Oñaurreko biribilgunea finantzatu eta egiteaz arduratu dena.

"Obra garrantzitsuak izan dira, eta ez soilik inbertsioaren zenbatekoagatik, 14 milioi gure aldetik, baizik eta AP-8a eta hirigunearen artean konexio zuzenago bat egotea ahalbidetzen dutelako. Zalantzarik gabe, irundarren mugikortasunean nahiz zonalde guztiko trafikoan hobekuntza nabarmena ekarriko dute. Era honetako azpiegiturekin Gipuzkoako Foru Aldundiak bete du Irunekiko apustua", azaldu du Markel Olano diputatu nagusiak.

Irungo alkate José Antonio Santanok nabarmendu duenez, “azken urteetan mugikortasun eta zirkulazio arloan aurrera eraman dugun proiektu nagusia da hau; hiriak aspaldidanik espero zuen jarduketa bat. Bigarren fasean lanean jarraitu behar dugu, baina, zati honi esker, zirkulazioaren diseinuari buruzko beste erabaki batzuk pentsatzen joan gaitezke, hirian mugikortasun jasangarria sustatzeko mahai gainean dugun planaren barruan”.

Lehenengo faseko lanak egin eta bukatzearekin batera, duela hilabete batzuk, Tokiko Gobernu Batzarrak bigarren faseko eraikuntza lanak egiteko proiektua idazteko kontratua onartu zuen, eta 119.967,87 euroko aurrekontua onartu zuen alternatibak aztertzeko eta eraikuntza proiektua osatzeko.

X