Bidasoako hiru alkateen adierazpena

Joan den martxoan, Bidasoa-Txingudi Mugaz gaindiko Partzuergoa eratzen duten hiru udalerrietako alkateak garen aldetik, jendaurrean, jakinarazi genuen kezkatu egiten gintuela mugan berriro ere kontrol finkoak ezarri izanak eta migratzaileek Bidasoa zeharkatzeko saioek sortzen ari ziren egoerak. Era berean, agintari eskudunei adierazi genien gure kezka, idatziz.

Berriro ere mugak ezartzea harrigarria eta deserosoa da gure komunitatearentzat, ia 100.000 lagunek gure eguneroko bizitzaren oinarrizko partetzat baitugu mugaz gaindiko harremana.

Egunero, mugaz gaindiko mugimendu handia sortzen da hiru udalerrien artean, dela lanarengatik, dela familia eta lagunengatik, dela gai sozialengatik, eta berriro ere mugak ezartzea behinik behin anakronikoa da badiako biztanleentzat.

Gainera, kontrolen helburua iragaitzazko migratzaileak kontrolatzea da, eta salatu beharreko drama humanitario bat eragiten ari da hori.

Hilabeteetan, Saharaz hegoaldeko herritarren etengabeko joan-etorria ikusi dugu gure lurraldean. Bada, mugako kontrolak gogortu dira eta Europara bidean jarraitu ezin dutela ikusita, Irunen eta Hondarribian urgentziaz egokitutako instalazioetan gelditu behar izan dute, baina ez diote uko egin Europarako bidea egiten jarraitzeko helburuari, eta alternatibak bilatu dituzte, beren bizia arriskuan jarriz; batzuetan, zoritxarrez, bizia galdu ere egin dute. Gainera, azken hilabeteetan, egoera ez da hobetu; alderantziz, okerrera egin du, eta Bidasoa ibaiko urek dolua ekarri dute, hainbat gazte hil baitira mugako kontrol zorrotzak saihestu eta ibaia igerian gurutzatzen saiatu nahian.

Arazo honi globalki heldu beharra nabarmendu nahi dugu; arazoari Europa mailan erantzun beharra, berriro ere Europa “mugarik gabea” izateko. Beharrezkoa da baterako erantzun humanitarioa ematea: ez da batere erraza, baina ezinbestekoa da Europaren eraikuntzan aurrera egingo badugu.

Ez dugu nahi Bidasoa ibaia, gure hiru hirien arteko elkargunea eta hiruren arteko senidetasunaren sinboloa, beren jatorrizko herrialdeetatik urruti etorkizun hobea bilatzen dutenentzako tranpa hilgarria bilaka dadin, eta ezin dugu halakorik onartu.  

Ildo horretatik, Irungo, Hondarribiko eta Hendaiako alkateok egungo mugaz gaindiko egoera gogoan hartzeko eta arazoa konpontzeko beharrezkoak diren pausoak emateko eskatzen diegu bi estatu eta Europako agintari eskudunei.

X