Altxorra etxekoentzat eta aurkikuntza bisitarientzat

Lapurriturriko informaziogunearen denboraldia amaitu delarik, instalazioaren balantzea egin du Garapen Jasangarriko ordezkari Borja Olazabalek; izan ere, Irungo Udalak bultzatzen duen instalazio bat da, eta Aiako Harriko Parke Naturalean dago. Udal arduradunarekin batera, Behemendi landa-garapenerako agentziako ordezkari eta informazioguneko arduradun Urkiri Salaberria izan da prentsaurrekoan.

"Balantzea oso positiboa da, Lapurriturri zerbitzua pandemia egoera horretara egokitzea lortu baitugu iaz bezala. Ezarritako neurriekin, Informaziogunea berriro ere erreferentzia bihurtu da naturaz gozatzera mendira igo diren irundar naturzale guztientzat, eta baita lehen aldiz kanpotik etorri direnentzat ere, ziurrenik Aiako Harria eta ingurunea ezagutzea aurkikuntza handia izango zelako haientzat", nabarmendu zuen Borja Olazabalek.

 2021. urte honetan, Aste Santuko jaiegunetan, apirilaren 1etik 5era, eta ekainean, uztailean, abuztuan, irailean eta urrian egon da zabalik zentroa. Guztira, 45 egun. Arreta-ordutegia ohikoa izan da: asteburuetan, larunbat eta igandeetan, jaiegun eta jai-bezperetan zubia baldin bada, 10:00etatik 14:00etara.

2021ean, guztira, 1.188 bisitari izan ditu informazioguneak; batez beste, 25,8 bisita egunean. Iaz Lapurriturrira bertaratu zirenen kopurutik gertu dago datua, 1.262 bisita izan baitziren.

Lapurriturriko informaziogunera joaten direnen jatorriari dagokionez, gehienak Irungoak eta bertako eskualdekoak dira; atzetik, Gipuzkoakoak eta Akitaniakoak, mugaz bestaldekoak. Bisitari-profil gisa bikotekideak dira gehienak, eta, gero, mendira bakarrik igotzen den txangozalea. Informazioguneko kontsultetan, gaztelania eta euskara erabili dira gehien, eta horien atzetik, hirugarren, frantsesa.

Jarduera-plana

Borja Olazabalek gaineratu duenez, "Parkeari buruzko informazioa emateaz gain, gune hau ez litzateke ulertuko, aldizka txangoak eta irteerak programatuko ez balira.  Lapurriturriren arrakastaren funtsezko hanka da helburua duela familian naturaz gozatu ahal izatea eta gure inguruko florari eta faunari buruzko gauza gehiago ezagutzea”.  Informaziogunetik antolatzen den atal honetan, doako txangoak eta irteerak egiten dira, gidari baten eskutik Aiako Harria parke naturala definitzen duten ezaugarri guztiak ezagutzeko.

2021. urtean, informazioguneari lotutako 7 jarduera planteatu ziren, eta horietako bi bertan behera utzi behar izan ziren eguraldi txarra egin zuelako. Bai egin ziren txangoak anfibioen, meatzaritzaren, orientazioaren, perretxikoen eta onddoen inguruan, eta baita izarrak behatzeko ere. Guztira ehun bat lagunek parte hartu zuten irtenaldi horietan.

X