Alkateak segurtasunaren eta bizikidetzaren aldeko ituna proposatu die udal taldeei

Duela aste batzuk, Irungo Udalak hirian segurtasuna eta bizikidetza bermatzeko Ekintza Plan bat jarri zuen martxan.

Eusko Jaurlaritzako segurtasun-arduradunekin, segurtasun-kidegoekin, auzo-elkarteekin, ostalariekin eta merkatariekin bildu ondoren, iragarri zen Ekintza Plan hau abian jarriko zela neurri oso zehatzak ezarrita, batetik, auzoetan jarduera eta ekimen gehiago egiteko, bestetik, Udaltzaingoaren plantilla handitzeko, eta baita Ertzaintzaren komisarian errefortzua eskatzeko ere, eta, azkenik, inplikatutako hainbat arlotako lan-mahaiaren bidez gai batzuen jarraipena egiteko.

Azken aste hauetan, departamentu arteko mahai hau hainbat alditan bildu da, baina horrez gainera, aurrera egin da udaltzainen plantilla handitzeari dagokionez. Nahiz eta asmoa den hurrengo urteetarako urte anitzeko plan bat izatea udaltzaingoa behar bezala handitzeko eta dimentsionatzeko, aprobetxatu beharra dago legeak baimentzen duen birjartze-tasa, eta, horrela, une honetan, zazpi plaza gehitu daitezke Udaltzaingoko agenteen plantillan. Horretarako, Lanpostuen Zerrenda aldatuko da abenduko osoko bilkuran.

Segurtasun-ituna

Bestalde, Jose Antonio Santano alkateak, informazio hori Bozeramaileen Batzordeari partekatzeaz gain, Irunen Segurtasunaren eta Bizikidetzaren aldeko Itun bat egitea jarri zuen mahai gainean. Itun horren zirriborroa udal-gobernua idazten ari da, eta talde politikoei helaraziko zaie, ekarpenak egin ditzaten.

Foro horrek udal-ordezkari guztiak bilduko ditu, eta gobernuak dagoeneko ireki dituen partaidetza-ildoei eutsiko die, prebentzioari dagokionez, hiriko bizi-kalitatean aho batez lan egiten jarraitu ahal izateko, berdintasunezko gizarte kohesionatuagoa lortzeko. 

Segurtasunaren arloan jarduteko esparru bat denon artean adosten lagunduko du Itunak, eta baita esku hartzeko printzipio batzuk eta bete beharreko lehentasunak eta lortu beharreko helburuak adosten ere.

udaltzaingoa portada
X