Eguberri hauetan Irunek distira egingo du argi bereziak jarrita

Mónica Martínez Bide Publikoko ordezkariak eta Juncal Eizaguirre Hiri-bultzadako ordezkariak azaldu dute aurtengo Eguberrietan nolako argiztapen berezia izango den hirian.  Udalak kanpaina bat prestatu du, aurtengo Eguberriak ahaztezinak izan daitezen, eta kanpaina horren barruan dago ekimen hori.

"Jarduera-programa bat prestatzen ari gara Eguberri ahaztezinak izateko, eta  argiztapena ezin zen atzean geratu. Horregatik, proiektu berri eta desberdin bat prestatu dugu atal hori ere indartzeko. Urtero bezala, baina indar handiagoz, hiriko auzo guztietara, bazter guztietara iritsiko gara, eta toki bereziak ere apainduko ditugu, hala nola errotondak, plazak eta egun hauetan jendea elkartu ohi den lekuak", adierazi du MMónica Martínezek.   

Alde horretatik, Eguberrietako argiztapenak, aurten, 127.245 euroko aurrekontua izango du; hau da, ia % 40 gehiago, aurreko Eguberriekin alderatuz gero. Horrela, Irunek beste urrats bat egin du, aurtengo Eguberriak eguberri bereziak izan daitezen.

Aurtengo argiztapenaren berritasunen artean, are argi gehiago jarriko da merkataritza-guneetan eta Eguberrietako kanpainako proposamen garrantzitsuenetako batzuk (Zabaltza plazako tokiko merkataritzaren azoka, Pio XII.eko txirrista erraldoia, Ficobako patinatzeko pista edo Sarjia parkeko familia osoarentzako proposamenak) egingo diren leku irekietan.  

Bestalde, Juncal Eizaguirrek adierazi duenez, "iaz Zabaltza plazako azokako argiztapenak oso sentsazio onak eragin zituen, eta, horregatik, atal hori indartzen jarraitu nahi dugu, merkataritza-gune horiek dinamizatzen laguntzeko, horretarako oso kanpaina indartsu bat eginez. Eta laster hasiko gara hori guztia hirian nabaritzen".     

Eguberrietako argiztapena abenduaren 3tik urtarrilaren 6ra iraungo du. Aurreikusita dago aurten 310 elementu jarriko direla, besteak beste 191 farolatan, 86 arkutan edo 24 toki berezitan (errotondak, kioskoak, …) banatuta.  Pinu erraldoi bat ere nabarmendu beharra dago, hiriko zenbait lekutan izango baita txandaka, eta Eguberrietako bola handi bat ere izango da Sarjia parkean. Ximenez Catalunya SL enpresari esleitu zaio kontratua.

X