Hemen da berriz ere Irungo talentu berritzailearekin urtero dugun hitzordua

Irungo Udalak jakinarazi du Berrikuntzaren Irun Ekintzan Sarien zazpigarren edizioa prestatzen ari dela. Otsailean izango dira. Miguel Ángel Páez ordezkariaren hitzetan, «aurten ere ekimen hori antolatuko dugu, eta aurreko sei edizioetan gauza bat argi geratu da: geure enpresek berritzeko eta ekiteko kapital handia dutela, eta gure arreta merezi dutela. Kultura ekintzaile hori aitortu nahi dugu, ezerezetik abiatuta merkatuan beren bidea egiten asmatu duten ideia horiek; askotan, gainera, gure hiriaren izena munduaren luze-zabalean ezagutzera ematen dute».

 Edizio berezia izango da aurtengoa. Izan ere, zazpigarren edizio honekin beste asko bezala bertan behera geratu behar izan zuen ekimen bat berreskuratu dugu. «Dena orain arte bezala badoa eta normaltasuna berreskuratzen jarraitzen badugu, hitzordu honetan aukera izango dugu, pandemiaren hilabete gogorrenak atzean utzita, elkar ikusteko eta, gauza garrantzitsua, enpresa eta autonomo ugari egin behar izan duten lana aitortzeko: ederki egokitu dira koronabirusak ekarritako erronkari, eta ez dugu ahaztu behar krisiak gogor kolpatu dituela ehun ekonomikoa eta enpresa-ekimen asko eta asko».

Zazpigarren deialdi hau arautuko duten oinarriak argitaratuta daude dagoeneko, eta azaroaren 30era arte luzatuko da eskaerak aurkezteko epea, interesa duten Irungo enpresa guztientzat. Irabazleak otsailean iragarriko dira, oraindik ere data eta lekua zehaztu gabe dituen ekitaldi batean. 

Lau kategoria

Iaz bezala, lau sari emango dira, kategoria hauetan:

  • Berrikuntzaren Irun Ekintzan merezimenduzko saria, 20 langile baino gehiagoko Irungo enpresentzat
  • Berrikuntzaren Irun Ekintzan merezimenduzko saria, 20 langile baino gutxiagoko Irungo enpresentzat. 4.000 euro
  • Berrikuntzaren Irun Ekintzan saria, Irungo zerbitzu-enpresentzat. 4.000 euro
  • Ideia berritzaile onenaren Irun Ekintzan saria. 2.000 euro

Baldintzen artean sartzen da enpresaren edozein esparrutan proiektu berritzaile bat abian jarri izana edo abian jartzeko asmoa izatea 2020ean eta 2021eaneta egoitza nagusia eta/edo lan-zentro bat Irunen izatea. Azken baldintza hori ez da baztertzailea izango espedientea izapidetzeko orduan, baina saria emateko ekitaldiaren aurretik egiaztatu beharko da, edozein kasutan ere.

Aurten ere, epaimahaikideak gaitutako pertsonak izango dira, berrikuntzaren alor guztietako esperientzia egiaztatua dutenak. Zazpigarren edizio honetarako osatu den epaimahaian ekimen honetan ohikoak diren pertsonak eta irabazleak hautatu behar dituen aditu taldea osatzeko beste profesional batzuk uztartu dira: Hauexek dira epaimahaikideak:

  1. Marisa Arriola BIC GIPUZKOA Gipuzkoako Enpresa eta Berrikuntza Zentroko gerentea
  2. José Miguel Ayerza ADEGI Gipuzkoako enpresarien elkarteko zuzendari nagusia
  3. Luis Manero López INNOBASQUE, Berrikuntzaren Euskal Agentziako Enpresa Berrikuntzako zuzendaria
  4. Pierre Odriozola CHEZ SOKOAko zuzendari nagusia
  5. Álvaro de la Rica Aspiunza DEUSTOKO UNIBERTSITATEKO EKONOMIA ETA ENPRESA ZIENTZIEN FAKULTATEKO dekanoa
  6. Lander Beloki MONDRAGON UNIBERTSITATEKO ENPRESA ZIENTZIEN FAKULTATEKO dekanoa
  7. Ana Beraza EHUren GIPUZKOAKO CAMPUSEKO EKONOMIA ETA ENPRESA FAKULTATEKO dekanorde koordinatzailea

Hautagaitzak egoitza elektronikoan aurkeztu behar dira www.irun.org, helbidean. Udalaren webgunetik jaits daitezke dokumentu guztiak (inprimakia, oinarriak...). Informazio gehiago behar izanez gero, interesdunek 943 50 5336 zenbakira deitu dezakete.

X