200 establezimenduk baino gehiagok izena eman dute Irun Aurrera bonuen laugarren edizioan

Irungo Udaleko Hiri-bultzada arloak gogorarazi du azaroaren 4an hasiko direla Irun Aurrera bonuak ateratzen bertako dendetan eta ostalaritzan gastatzeko. Hainbat establezimendu atxiki zaizkio kanpainari. Errekorreko kopurua, aurreko edizioekin alderatuta. Gehiago ere izan litezke, urriaren 29an (ostirala) bukatzen baita http://irunon.irun.org/. webgunean izena emateko epea .

Juncal Eizaguirre ordezkariak nabarmendu duenez, "bonu hauena krisiak asko kolpatu duen sektore bati laguntzeko udalak erabakitako ekintza-ildoetako bat da. Orain normaltasuna berreskuratzen hasi garen honetan, ezin ditugu ahaztu gure dendak eta ostalaritzako establezimenduak, familia asko bizi dira-eta horietatik. Hainbeste establezimendu atxiki izanak esan nahi du programa gogokoa dela, eta albiste ona da, horrela bonuen laguntzak gure hiriko negozio gehiagotara iritsiko baitira".

Bonuak Irunen erroldatuta dauden 16 urtetik gorakoentzako dira, eta azaroaren 4tik aurrera eskuratu ahal izango dira, abenduaren 5era arte. Irundar bakoitzak hamar bonu erabiltzeko eskubidea izango du; gehienez ere bi, establezimendu bakoitzean. Erabiltzen den bonu bakoitzeko, gutxieneko erosketa 30 eurokoa izango da dendan. Hala, bonuaren 10 euroaz gain, bezeroak 20 euro emango ditu. Ostalaritzan, berriz, 20 eurokoa izango da bonu bakoitzeko gutxieneko erosketa; kasu horretan, bezeroak 10 euro bakarrik ordainduko ditu bere poltsikotik. Erosketa bat ordaintzeko, soilik pertsona bakar baten bonuak erabil daitezke.  Hau da, erosketa-tiket bakoitzean pertsona bakar baten bonuak agertuko dira. Ekimen honetatik kanpo geratzen dira produktu alkoholdunez soilik osatutako erosketak.

 

Bilerak entitateekin

Eguberrietako kanpaina berotu nahian, horrekin guztiarekin batera, bilerak ere egiten ari dira hiriko hainbat talderekin, besteak beste, dendekin eta ostalaritzako establezimenduekin, auzo-elkarteekin eta kultur entitateekin. Bilera horien helburua da lehen eskutik helaraztea Irungo Udalak Eguberriak prestatzeko egingo duen kanpaina indartsuaren ildo nagusiak eta, era berean, ekarpenak ere jasotzea.

Erantsita doan irudian, merkataritza-sektoreari egindako aurkezpenetako bat. Hogeita hamar bat establezimendutako arduradunak izan ziren Palmera Monteron, eta bertan izan zen Hiri-bultzako ordezkari Juncal Eizaguirre ere: "aste hauetan hainbat talderekin bildu gara, Euskadin erreferentzia izatea nahi dugun kanpainaren edukiak ondo ezagutu ditzaten. Topaketa horiek garrantzitsuak dira, inpresioak jaso eta kontuan hartzeko balio baitigute, horrela guztion artean Eguberri hauek inflexio-puntu bihurtu eta normaltasunera gero eta gehiago hurbilduko gaituen bide honetan jarrai dezagun".

 

Reunión Comercio Navidad

X