Irunek 60.000 euro baino gehiago jasoko ditu genero indarkeriaren kontrako estatu itunetik

Irungo Udalak 60.000 euro baino gehiago jasoko ditu, genero indarkeriaren kontrako proiektu eta programak finantzatzeko, Espainiako Gobernuko Berdintasun Ministerioak udalei Genero Indarkeriaren kontrako Estatu Ituna garatzeko egingo dien ekarpenaren esparruan. Guztira, Ministerioak 891.542,66 euro emango dizkio Gipuzkoari.

Berdintasuneko ordezkari Miren Echevestek oso ontzat jo du albistea. Adierazi duenez, “genero indarkeriaren kontrako borroka, dudarik gabe, Arloaren jardunaren ardatz nagusietako bat da. Funts hauek jasotzea oso berri ona da, Irungo Udala lehendik egiten ari den lanean aurrera egiten lagunduko baitu”.

Batetik, Genero Indarkeriaren kontrako Estatu Itunaren esparruan, Euskadiko udalerri bakoitzari 3.000 euro finko emango zaizkio, eta, bestetik, Irunek beste 57.000 euro baino gehixeago jasoko ditu, biztanle kopurua kontuan izanik.

Udalerriek Genero Indarkeriaren kontrako Estatu Itunaren barruko neurriak garatzeko programa eta proiektuak aurrera eramateko erabil ditzakete jasotzen dituzten funtsak, hala nola emakumeen kontrako indarkeria mota ororen kontrako sentsibilizazio eta prebentzio kanpainak egiteko eta gaiari buruzko informazioa emateko materialak prestatzeko. Era berean, lankidetza eta koordinazio tresnak susta ditzakete, laguntza unitateei beren funtzioak betetzen lagundu, eta emakumeen kontrako indarkeriaren biktimei arreta eta informazioa emateko udal zerbitzuak sendotu. Ildo beretik, toki mailako profesionalei emakume eta gizonen berdintasunaren eta emakumeen kontrako indarkeria moten gaineko etengabeko prestakuntza espezializatua emateko jarduerak egin ditzakete.

Joan den urtean, zehazki, indarkeria sexistaren biktimei arreta emateko protokoloa eguneratu zen, eta indarkeria sexistaren esparruan arreta emateko eta erakundeak koordinatzeko protokolo berri bat prestatu. Izan ere, iaz, aipatutako estatu itunaren bidez jasotako guztizko zenbatekoa handitu, eta 25.000 euro inguru jaso ziren. Horri esker, genero indarkeriaren kontra sentsibilizatzeko material asko diseinatu eta ekoitzi ahal izan zen, eta, gero, uda hasieran, erabiltzen hasi; nolanahi ere, azaroan ezagutaraziko da gehien material hori, azaroaren 25aren inguruan, emakumeen kontrako indarkeriaren orbanaren aurkako borrokan data aipagarria baita hori.

Echevestek ziurtatu duenez, “joan den ekitaldian jasotako funtsekin gertatu zenez, emakumeen kontrako indarkeriaren aurka sentsibilizatzeko balioak sustatzeko balio du diru honek, eta agerian uzten du bai Gobernuak eta Irungo Udalak emakumeen kontrako indarkeriaren aurka borrokatzeko konpromisoa hartu dutela”.

Espainiako Gobernuko Berdintasun Ministerioak toki entitateei emango dien laguntzen zenbatekoa joan den ekitaldian halako bi da: 20 milioitik 40 milioira igoko da.

X