Irungo Udalak zergak eta tasak izoztuko ditu 2022an

 

Ogasun arloak udal-talde guztiei helarazi die zerga-ordenantzak eta prezio publikoak arautzeko urteroko proposamena, urriko osoko bilkuran eztabaidatu dadin. Ezaugarri nagusia da 2022. urteko zerga eta tasak izoztea, oro har. 

«Urteko garai honetan ohikoa da osoko bilkurara eramatea zerga-ordenantzak eta prezio publikoak aldatzeko proposamena, zeinak urte berriarekin jartzen baitira indarrean, hots, urtarrilaren 1etik aurrera. Etxebizitzaren edo ibilgailuen zergari buruz ari gara, ezagunenak aipatzearren, baina udal-zerbitzuren bat emateagatik ordaintzen diren tasak ere aztertuko ditugu», azaldu du Miguel Ángel Páez Ogasuneko ordezkariak.

 

Proposamena iazko ildo beretik doa. Orduan, Irun Aurrera planarekin bat etorrita eta COVID-19aren pandemiak eragindako krisi sanitarioa kontuan hartuta, udal-gobernuak erabaki zuen zerga eta tasen igoera zekarren proposamenik ez eramatea udalbatzaren osoko bilkurara. «Egoerak hobera egin du eta poliki-poliki normaltasunera hurbiltzen goaz baina, edonola ere, uste dugu orain ez dela egokia Irungo herritarren presio fiskala handitzea prezio-igoerekin, nahiz eta horren ondorioz Udalaren diru-sarrerak txikitu».

 

Horrek esan nahi du higiezinen zerga edo aparkatzeko tasa ez direla igoko, ezagunenak aipatzearren, udal-gobernuaren proposamenaren arabera.

 

Zenbait aldaketa

Arloak landutako proposamenak badakartza, edonola ere, aldaketa batzuk, hobarien atalean, Gipuzkoako Batzar Nagusiek ondasun higiezinen gaineko zergaren alorrean onetsitako araudi berriaren ondorioz. Esate baterako, higiezinen gaineko zergan % 50eko hobari bat ezarri da eguzki-energia edo beste energia berriztagarri batzuen aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak instalatu dituzten etxeetarako. Era berean, hobari bera aplikatuko zaie efizientzia energetikoaren A klaseko etiketa duten etxeentzat. B klasekoa dutenen kasuan, aldiz, % 40koa izango da hobaria.

Aparkatzeko tasari dagokionez, ibilgailu hibridoen ugaritzea dela eta, auto horiek duten % 75eko hobaria mugagabea izatetik 5 urteko epea edukitzera pasatuko da, beste hiri batzuetan egiten ari diren bezala.

Bestalde, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergaren kasuan, egokitu egin da eguzki-energia edo beste energia berriztagarri batzuen aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak dituzten eraikuntzetarako dagoeneko martxan den hobaria. Hobaria % 95era artekoa izan daiteke. Horrekin batera, % 95eko hobaria planteatzen da hutsik dagoen etxebizitza bat alokairuan jartzera bideratutako lanentzat, xede hori duen programa publiko batean sartuta.

Azkenik, tasen atalean, urteko 40 euroko ordainketa bat ezarri nahi da mugikortasun urriko pertsonentzako plaza izendunak erabiltzeko (orain arte doakoa zen). Txartelaren titularrak bakarrik erabil ditzakeen aparkatzeko plazen kasuan aplikatuko litzateke. Prezio publikoei dagokienez, berritasun aipagarrienek Gabonetako kanpainako izotz-pistari eragingo diete. Duela bi urteko prezio berean (gogoan izan iaz ez zela izotz-pistarik egon) denbora bikoitza egon ahalko dira erabiltzaileak patinatzen. Hau da, pertsonako txartelak, prezio berean, 40 minutu egoteko aukera emango du, 20 beharrean. Gainera, tasatik salbuetsita geratuko dira ikastetxeek edo udal-zerbitzuek (hala nola gaztelekua edo haurtxokoak) antolatutako jardueretan parte hartzen duten taldeak.   

X