Betiko balioak garai berrietarako

Balioetarako ordezkari Rebeca Gonzálezek ezagutarazi duenez, urriaren 28an, ostegunarekin, BALIOEN LORATZEA ekimenaren esparruan, ADINEKOEN ETA GAZTEEN ARTEKO I. FORO-TOPAKETA egingo da.

BALIOEN LORATZEA programaren helburua da pandemia garaian belaunaldien arteko balio transmisioa sustatzea. Pandemia garaian gauden honetan, agerian gelditzen da zer garrantzitsuak diren betiko balioak, hala nola enpatia, elkartasuna, errespetua, tolerantzia, pazientzia eta erantzukizuna. Bada, adinekoek balio horiek transmiti ditzakete, beren bizitza osoan bildu dituzten esperientzia eta ezaupideen bidez gorde baitituzte”, azaldu du Rebeca Gonzálezek.

Pandemiak argi utzi du pertsona guztiak komunitate baten baitan bizi garela, etengabeko interakzioan, eta pertsona baten egintzek besteengan eragina dutela. Alabaina, belaunaldi batzuek eta besteek ezberdin erantzun dute osasun krisialdian, eta komeni da haien arteko konpromiso soziala sendotzea, besteak beste harreman solidario positiboak, konfiantza soziala eta auzotasun ona sustatuta.

Gizarte osoak eta, bereziki, adinekoek eta gazteek erronka berriei aurre egin behar izan diete: adinekoek eta, batez ere, bakarrik bizi direnek, konfinamenduaren ondorioz gizartearengandik eta familiarengandik bakartuta bizi izan direlako, eta gazteek, nerabetasuna bizitzako etaparik garrantzitsuenetako bat eta mugarria den aldetik bizitzan erabakigarria den etapa batean beren ibilbidea eten behar izan dutelako.

ADINEKOEN ETA GAZTEEN ARTEKO FORO-TOPAKETA eginda, helburu hauek lortu nahi dira: gazteei ohartaraztea zer garrantzitsuak diren balioak osasun larrialdiko egoeretan eta zer garrantzitsua den adinekoek betiko balioak transmititzea; pandemia garaian gazteen eta adinekoen arteko elkartasuna bistaratzea; belaunaldien artean balioak transmititzeko guneak sor daitezen bultzatzea; eta belaunaldirik gazteenek pandemia garaian azaleratu dituzten balio positiboak nabarmentzea.

Martindozenea gaztelekuan izango da topaketa, urriaren 28an, 17:30etik 19:30era bitartean. Hiriko zentro sozialetan dabiltzan adinekoek eta 15 urtetik 25 urtera bitarteko gazteek parte hartuko dute, eta gazteek esteka honen bidez emango dute izena, urriaren 13tik 23ra bitartean.

X