Emakumezko idazleen eguna dela-eta, jarduera programa zabala CBAn

 

            Irungo Udaleko Kultura Arloak jakinarazi duenez, beste urte batez, Emakumezko Idazleen Eguna antolatu du, CBAn, Espainiako Liburutegi Nazionalak Emakumezko Zuzendari, Exekutibo, Profesional eta Enpresarien Espainiako Federazioarekin eta Clásicas y Modernas elkartearekin elkarlanean emakumezko idazleek historian barrena egindako lana eta emakumeok utzitako ondarea aldarrikatzeko sustatzen dituen jardueren esparruan.

Aurreko edizioetan bezala, Santa Teresa egunetik gertuen dagoen astelehena aukeratu da –urriaren 15ean ospatzen da Santa Teresa–.

“Berriro ere horrelako jarduerak egiten hastea da gure eguneroko bizitza eta, tartean, hiriko kultur zentroak normaltasunera itzultzen ari diren adierazgarririk garbiena. Aurten, Emakumezko Idazleen Egunaren seigarren edizioa da, eta, CBAn, gure agendako hitzordu finkoa bihurtu nahi dugu, literaturara emakumezko idazleen eta, tartean, bertako protagonisten eskutik gerturatzeko”, azaldu du Kulturako ordezkari Juncal Eizaguirrek.

Urriaren 15etik 22ra bitartean egingo dira prestatutako egitarauaren barruko jarduerak, hala nola emakumezko autoreekiko topaketak, mahai inguruak eta hitzaldiak, baita emakumeek idatzitako obren pasarteen irakurraldi publikoak ere, Esther Barandiaranek pianoaz akonpainatuta. Nahi duen orok parte hartu ahalko du jardueretan, doan, edukiera bete arte, gonbidapenik behar izan gabe. Hona hemen egitaraua:

Urriaren 15a, 19:00

Anna Caballé idazle katalanak “Ser humano y mujer. Un paseo por la literatura” hitzaldia emango du.

 

Urriaren 18a, 19:00

Emakumeek idatzitako obren pasarteen irakurraldi publikoak egingo dira, Esther Barandiaranek pianoaz akonpainatuta.

Urriaren 20a, 19:00

María José Noain antropologo eta arkeologoak “Livia Drusila, una biografía novelada” mahai ingurua zuzenduko du.

Urriaren 21a, 19:00

Marta Salís madrildar autoreak “La historia secreta de Villete. Cómo escribió Charlotte Brönte su última novela” hitzaldia emango du.

Urriaren 22a, 19:00

Virginia Gasull idazle irundarrak “Nicole Manguin, rescatando una vida del olvido de la historia” hitzaldia emango du.

Aurretiko erreserbarik ez

CBAk jakinarazi duenez, asteazken honetatik aurrera, ez da beharrezkoa izango tokia aurrez erreserbatzea ikasketa gela erabiltzeko, eta okupazioa ez da mugatuko txandaka. Ildo beretik, Internet zerbitzua pandemia aurreko dinamikara itzuliko da; alegia, ez da beharrezkoa izango erreserbarik egitea ez hitzordua hartzea.

Haurrentzako eta gazteentzako sailak urriaren 25ean itzuliko dira normaltasunera, astelehenarekin.

X