Irungo Udalak Bienabe Artiaren lau koadro hartu ditu dohaintzan

            Irungo Udalak Bienabe Artia irundar pintoreak 1936an margotutako lau koadro hartu ditu dohaintzan. Pintoreak errefuxiatu gisa Bourcefranc-le-Chapus izeneko udalerrian (Frantzian) egin zuen egonaldian egin zituen lau obrak, 1936an esan bezala, eta, garai hartan, Denisen familiak zuzeneko harremana izan zuen harekin. Orain, Denisek ziurtatu duenez, “haren pinturak jaioterriari dohaintzan ematea da logikoena autorearen oroitzapenak bizirik iraungo badu, bertan ezagutzen, estimatzen eta ohoratzen baitute gehien”.

Mihise gaineko lau koadro dira:

            Retrato de Gregorio Luis de León

            Bodegón

            Retrato de Henri Barbusse

            Retrato de Jean Jaures

            Irungo alkate José Antonio Santanok eta Ogasuneko ordezkari eta udal ondarearen arduradun Miguel Ángel Páezek Denis bisitatu dute, dohaintza zertzeko: “Esker oneko hitzak besterik ez dugu Denisentzat, oso jokaera eskuzabala izan baitu. Bienabe Artia pintore kuttun eta miresgarria da guretzat, eta haren obrak, baliotsuak izateaz gain, garai historiko baten lekuko ere badira. Orduan, irundar askok utzi behar  izan zuten; tartean, Bienabe Artiak. Obra hauen bidez, egin zioten abegi ona eskertu nahi izan zuen, eta, gaur, guk ere eskerrak eman behar ditugu, Robert familiak obra hauek Irunera itzul daitezen nahi izan duelako”.

Aurrerantzean, zaharberritzaile batek koadroak aztertuko ditu, Irunen bertan, haien kontserbazio egoera ebaluatzeko eta beharrezkoak diren zaharberritze lanak egiteko.

X