2022ko partaidetza bidezko aurrekontuak egiteko prozesua, azken txanpan

Joan den ostegunean, Palmera-Montero Gunean, 2022ko partaidetza bidezko aurrekontuak egiteko prozesuaren barruko proposamen finalistak aurkezteko eta dudak argitzeko azalpen saio bat egin zen.

Hurrena, urriaren 13tik 19ra bitartean, iazko aurrekontuen barruko 1,5 milioi euroren erabilera erabakitzeko bozketa egingo da herritarren artean. Prozesu orokorraren eta gazte prozesuaren (16 urtetik 30 urtera bitarteko gazteentzako prozesuaren) barruko proposamen finalistak udal webgunean kontsultatu daitezke dagoeneko. Prozesu baten zein bestearen barruan, aurreko edizioetakoaren antzekoa izango da botoa emateko mekanismoa.

Irun Txartela duten guztiek parte hartu ahalko dute, udal webgunearen bidez, www.irun.org helbidean, eta beharrezkoa dutenek Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren laguntza izango dute eskura; horretarako, hitzordua eskatu beharko dute, urriaren 15etik 19ra bitartean. Azken bozketaren hasieran, proposamen guztiek 0 boto izango dute; alegia, aurreko bozketa fasean emandako botoak ez dira hartuko kontuan. Bost proposamen aukeratu ahalko dira gehienez ere, baina baturak prozesurako finkatutako muga ekonomikoaren barruan egon beharko du. Bozketaren emaitzak denbora errealean ikusi ahalko dira, eta noiznahi kontsultatu ahalko dira.

 

Parte hartzea, gora

Herritarren Partaidetzarako ordezkari Mónica Martínezek fase honetan bozkatzera animatu ditu herritarrak. “Milioi eta erdi euroren erabilera erabakiko dute irundarrek. Oso zenbateko handia da hori, eta, partaidetza bidezko aurrekontuei esker, urtero, hobekuntza handiak egin dira hirian, Udalak herritarren parte hartzearen alde egindako apustuaren barruan”.

“Prozesua martxan jarri zenetik izandako parte hartze handia” baloratu du Martínezek: “Aurreko bozketa fasean, mila irundarrek baino gehiagok eman zuten botoa; inoiz baino gehiagok. Aurtengo berritasunek, hala nola auzoetako karpek, funtzionatu egin dute, eta 270 proposamen ere bildu dira. Gainera, webgunean, zentroetako buzoietan eta aurrez aurre bildu dira proposamenak, eta gazteen ekarpenak ere jaso dira. Horri guztiari esker, edizio hau bete-betea izaten ari da, eta, aldi berean, oso berezia, iazko prozesua bertan behera utzi behar izan baitzen pandemia zela eta”.

Adibidez, aurten webguneko proposamenen artean aukeratzeko egindako aurreko bozketan, 906 lagunek 3.605 boto eman dituzte; aurreko edizioan, berriz, 531k 2.024 eman zituzten (% 70 gutxiago).

Gainera, beste bi bozketa egin dira aurretik: gazte prozesuaren barrukoa eta prozesu orokorraren barrukoa, karpetan bildutako proposamenei buruz, eta parte hartzea handia izan da bietan, 461 lagunek 1.703 boto eman baitituzte.

X