Espaloietako koskak kentzeko kanpaina amaitu da

Obra arloak jakinarazi duenez, abuztuan oztopo arkitektonikoak edo espaloien koskak kentzeko beste kanpaina bat egin zen, urteko bigarrena. Oinezkoen pasabideak hobetzeko jarduketak izan ohi dira, haiek egokituz eta pasabide berriak sortuz.

Irisgarritasun Planean oinarrituz espaloietako eta oinezkoen pasabideetako beheraguneak egokitzen jarraitzea zen proiektuaren helburua. "Aldian-aldian egiten dira horrelako kanpaina berriak, eta, batzuetan, herritarrek eskatzen dituzte, aurrekontuak parte hartzearen bidez egiteko prozesuen esparruan adibidez, kasu honetan bezala. Lanak formatu txikikoak izaten dira, baina balio handia dute, oinez mugitzea errazten eta arazoak saihesten baitituzte, mugitzeko gaitasun murriztua dutenei dagokienez batez ere", azaldu du Cristina Labordak.

 

Hiriko oinezkoen pasabide gehienetan, espaloia beheratuta dago, baina, beheragune asko indarrean dagoen araudiaren aurretik egin zirenez, ertzak altu samar daude oraindik ere, eta horrek zailtasunak sortzen ditu oinezkoen ibilian.

 Puntu hauetan esku hartu da kanpainaren barruan: Santiago-Dunboa inguruan (kanal gaineko zubiko zebra pasabideetan) eta Txoantenea, Victoriano Juaristi eta Tonpes kaleetan. Lanak egiteko aurrekontua 42.558,94 eurokoa da; epea, bi hilabetekoa; eta enpresa arduraduna, Construcciones Lefesa SL.

Kanpaina hau aldian behin berritzen da, eta oraingoan Letxunborro hiribidean egin ziren estilo honetako hobekuntzen jarraipena izan da, Ibis hotelaren eta Café Irunen biribilgunearen artean, 41.079,50 euroko aurrekontuarekin. Aurten gauzatu diren bi kanpainetan ia 100.000 euro inguru bideratu dira hobekuntza horiek egitera.

X