"Itsasoa hemen hasten da. Ez bota ezer" ekimena Irunera iritsi da

 

Recicla-Birziklatu ingurumenaren aldeko tokiko elkartearen eskutik, eta Txingudiko Zerbitzuaken eta Irungo Udalaren laguntzarekin, mundu osoan hedatutako kanpaina, “Itsasoa hemen hasten da. Ez bota ezer” Irunera iritsi da. Sentsibilizazio ekimen honi esker, zaborra oro har lurrera eta bereziki hustubideetara ez botatzea lortu nahi da.

Ekimenaren aurkezpena Behobiako oinezkoen pasealekuan egin da, Faisaien uhartearen parean, eta bertan jarri da lehenengo plaka. Prentsaurrekoan Borja Olazabal Irungo Garapen Iraunkorreko ordezkariak, Laida Rodriguezek, Roberto Sernak eta Gorka Alcantarillak, Recicla-Birziklatu elkartekoak, eta Leire Zubitur Txingudiko Zerbitzuakeko kudeatzaileak hartu dute parte.

Epe motzean, Txingudiko Zerbitzuakek gainerako plakak jarriko ditu. Guztira 130 plaka jarriko dira Irungo estolda-zuloen ondoan, "Itsasoa hemen hasten da, ez bota ezer" leloarekin. Bereizgarriak urdinak izango dira eta leloa gaztelaniaz zein euskaraz inprimatuko da. Zirkulazio handieneko eremuetako hustubideak aukeratuko dira plakak jartzeko, hala nola oinezkoentzako eremuak, ikastetxeetako irteerak, aisialdi-zentroak, etab., horiek izaten baitira gatazkatsuenak.

Borja Olazabal Irungo Garapen Iraunkorreko ordezkariak nabarmendu duenez, “denok lagun dezakegu planeta garbiago bat izaten, ingurumena gehiago errespetatzen eta klima-aldaketaren ondorioei aurre egiten. Horrelako ekimenek laguntzen digute gogorarazten hustubideetatik edo estoldetatik isurtzen den zabor asko gure ibaian amaitzen duela, lehenik, eta itsasoan gero, horrek ekosistema osoan dituen ondorioekin", adierazi du Olazabalek.

Bestalde, Leire Zubitur Txingudiko Zerbitzuakeko gerenteak azpimarratu du oso garrantzitsua dala herritarrek jakitea estoldak ez direla paperontzi gisa erabili behar, eta bereziki azpimarratu ditu zigarrokinak, “horiek dira saretik itsasora iristen diren hondakin nagusietako bat, eta uraren kalitatea degradatzen duten gai kutsagarriak dituzte”.

Ekimen hau beste urrats bat da Nazio Batuek ezartzen dituzten Garapen Jasangarriko Helburuak betetzeko esparruan gauzatzen diren ekintzen barruan. Ekimen horri lotuta, 6. zenbakiko helburuak ("ur garbia eta saneamendua"), 13.a ("klimaren aldeko ekintza") eta 14.a ("urpeko bizitza") nabarmendu behar dira.

X