Irunek omenaldia egin die kirolari olinpikoei

José Antonio Santano Irungo alkateak, Borja Olazabal Kiroletako ordezkariak eta udal-taldeetako ordezkariek Irungo kirolari olinpikoei eginiko ongietorrian parte hartu dute. Ekitaldia ostegun honetan egin da Irungo Udaletxeko Areto Nagusian, eta bertan omenaldi bat egin zaie Tokioko Olinpiadan lehiatu ziren Teresa Errandonea atletari, Ander Elosegi palistari eta Julen Aginagalde eskubaloi-jokalariari.

«Kirolari hauek Japonian ikusita, gure kirolarekin harro sentitu ginen berriro ere. Ekitaldi honekin, haien esfortzua eskertu nahi dugu, eta Joko Olinpiko batzuetan parte hartzeak duen balio handia aitortu. Gure inguruko hiri gutxik esan dezakete hiru kirolari olinpiko dituztela, eta horrek ere asko esaten du hemengo klubek oinarria zainduta egunero-egunero egiten duten lanaren alde», nabarmendu du hiriko alkateak.

Recepción Olímpicos 3

Teresa Errandonearen lehen Joko Olinpikoak izan dira. Bidasoa Atletiko Taldeko (BAT) atleta da, eta Tokiora iritsi zen bigarren aldiz Espainiako Txapelketa irabazi ostean. Horrez gain, Euskadiko marka eta Espainiako inoizko hirugarren denborarik onena ditu 60 metroko hesi-lasterketan. Tokion 110 metroko hesi-lasterketan lehiatu zen, eta finalerdien ateetan geratu zen.

Ander Elosegi, aldiz, laugarren aldiz izan da Joko Olinpiko batzuetan, dagoeneko hiru diploma lortu baitzituen, 2008an Pekinen, 2012an Londresen eta 2016an Rio de Janeiron. Santiagotarrak klubeko palista hau ur-amiletako piraguismoan lehiatu zen, C-1 slalomean, eta final handira iritsi zen. Lau Joko Olinpikotan aritu den kirolari gizon bakarra da Gipuzkoan.

Julen Aginagalde Joko Olinpiko batzuetara itzuli da 2012ko Londresekoetan aritu eta gero. Orduan, eskubaloiko Espainiako selekzioak zazpigarren postua erdietsi zuen. Arrakastaz betetako palmaresarekin (dominak Munduko eta Europako txapelketetan, liga nazionalak eta brontzea Europako Kluben Kopan...), CD Bidasoako pibotak brontzezko domina lortu zuen Tokion.

Hiriaren izenean, alkateak irudi bat eman die kirolariei. Bertan, hiru kirolariak ageri dira Udaletxearen aurrean. Marrazkia Arkaitz González artista irundarrak egin du.

X