ONCEko talde bat Oiassoko bilduma ikusten izan da

Irungo Udalak, Erromatar Museoaren bidez, Ondarearen Europako Jardunaldietan parte hartzen du. Europako Kontseiluak jarri du abian ekimen hori, ondarearen balioa azpimarratzeko, herritarrak ondarera erakartzeko eta ondarea kontserbatu beharraren garrantziaz kontzientziatzeko. Bada, horretarako, Oiasso Museoak talde espezifikoentzako bi jarduera antolatu ditu aste hauetarako, eta, programen esparruan, gaur goizean, ONCEko talde bat Museoaren bilduma iraunkorra ikusten izan da.

Izan ere, jardueretako batek “Oiasso zure esku” du izena: museoan barrena egiteko ibilbide bat, ikusteko desgaitasuna dutenentzat; Oiasso museoko objektu arkeologikoen erreprodukzioak, hilarriak eta Oiassoren maketa ukitzeko esperientzia bat. Gainera, areto bakoitzeko informazioa braillez dago.

"Oiasso ezagutzen" jarduera asteazkenero eta ostiralero egingo da urrian, museoan. Beste leku batzuetatik etorri berriak izan eta hizkuntza-premia bereziak dituztenak hartzen dituzten ikastetxeei zuzendutako jarduera da (HIPI). Honetan, laborategiko arkeologia eta ikerketako tailer bat egingo da.

Juncal Eizaguirre ordezkariaren esanetan, "jarduera horien asmoa da gure ondarea ezagutzea eta hartaz gozatzea oztopatzen duten oztopo fisiko, psikiko, kultural eta sozialak gainditzen laguntzea".

 "Oiasso zure eskuetan" eta "Oiasso ezagutzen" jarduerez gain, urriko asteburuetan, bisita gidatuak egingo dira teknologia berrien laguntzarekin, museoko erakusketa iraunkorra eta Ama Xantalengo nekropolia ezagutzeko. Informazio gehiago, 943 63 93 53 telefonoan eta museoaren www.oiasso.com web orrian.

X