Irunen asmoa da Europako funtsak Covid ondoko biziberritzearen parte garrantzitsua izatea

José Antonio Santano Irungo alkateak hurbiltzen ari den normaltasunaren itzulera aipatu du, azken asteetan COVID kutsatzeen beherakadak iradokitzen duenez. «Zuhurtziaz jokatu behar dugu, eta gutxieneko babes-neurriei eutsi, baina txertoen eragin positiboak eta kutsatzeen etengabeko beherakada ikusita, baikorrak gara ikasturte-hasiera honetan».

Egoera ikusita, Santano azaldu duenez, eta betiere Eusko Jaurlaritzak agintzen dituen neurriak beteta, nolabaiteko normaltasun bat berreskuratu nahi dugu hiriko zenbait eremutan. «Horrela, esate baterako, gaur arratsaldean erakusketa bat inauguratuko da Menchu Gal aretoan, lehen aldiz duela hilabete askotatik, eta bihar, neurri guztiak beteta eta distantzia errespetatuta, 2020an jaiotako haurrek beren gorostia jasoko dute, iaz ezin genuen horrelakorik egin».

Alkateak adibide horiek eta beste batzuk aipatu ditu, Irun bezalako hiri bizi baten ezaugarri den dinamismo soziala eta jarduera berreskuratzeko bidean dagoela adierazteko. Santanok aipatu du esfortzu handia egin dela udazkeneko kultur programazioan: punta-puntako musikariak eta antzerki-programazio bat etorriko dira hirira eta, horrez gain, jarduera ugari antolatuko dira. Merkataritza eta ostalaritzako bonuen beste edizio bat ere egingo da, eta Gabonetako kanpaina abian jarriko da. Dagoeneko lantzen ari dira Udalean azken hori, «eta helburua tokiko ekonomia suspertzea da, ez besterik, hiria mugi dadila, gauzak gerta daitezela eta berriz ere dinamikoak izan daitezela merkatariak, ostalariak, autonomoak eta enpresak».

Alkateak gogora ekarri duenez, ekintza horietako asko Irun Aurrera pizgarri ekonomiko eta sozialen planaren parte dira. Lehen alarma-egoeraren garaian jarri zen abian planaren lehen edizioa, 2020ko maiatzean.

«Ekimen txikiak dira, baina emaitza handiak espero ditugu. Baina, gainera, proiektu handiak ditugu buruan, Europako funtsei esker aurrera atera daitezkeenak, eta Irun hasi da horietarako proiektuak aurkezten».

 

Europako funtsak, irteera-lerroan

Irungo Udalak hilabeteak daramatza lanean Europako funtsen finantzaketa jaso dezaketen proiektu estrategikoak prestatzen. Azken hilabeteotan, hainbat estrategia landu dituzte ministerioek, deialdiak zabaltzeko.

Ireki den lehen finantzaketa-ildoetako bat Helmugetako jasangarritasun turistikoaren estrategia izenekoa da. Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak deitu du, Eusko Jaurlaritzaren Turismo Sailarekin koordinatuta. Irunek proiektu bat aurkeztu du lehen aukera honetan.

Alkateak azaldu duenez, deialdia 50.000 biztanletik gorako Euskadiko udalerrientzat zen, eta beharrezkoa zen 2 milioi euro inguruko proiektuak aurkeztea, hiru urteko exekuzio-epearekin (2022-24), eta horiek % 100eko dirulaguntza jaso dezakete. Irunek aurkeztu duen proiektuaren bidez, Oiassoko termak bisitatu ahal izateko moduan jarri nahi dira eta horien balioa aitortu nahi da, museoa digitalizatu nahi da, Irun turismo-helmuga adimenduna izateko zenbait neurri hartu nahi dira (digitalizazioa, seinaleak, komunikazioa eta irisgarritasuna hobetzeko neurriak) eta Irugurutzetako eremua birgaitzeko azterlan bat egin nahi da. Aurrekontua, guztira, hiru milioi euro ingurukoa da.

Después de la pandemia 2

Industria Ministerioak berak bigarren deialdi bat ere egin du, merkatuei, merkataritzako hiri-inguruei, merkataritza ez-sedentarioari eta merkaturatze-bide laburrei babesa emateko laguntza-ildo bati buruzkoa. Eskabideak aurkezteko epea datorren astean amaituko da, eta Irunek parte hartuko du, hiriko merkataritza merkatu jasangarrien ildoan modernizatzeko proiektu batekin. Helburu nagusia Irungo hiri-merkataritzaren digitalizazio-prozesuari ekitea da, modu integral eta jasangarrian, bai eta sektorean etengabeko hobekuntza-prozesuak garatzeko aukera emango duten tresnak sortzea ere. Aurkeztutako prozesuaren aurrekontua 720.000 eurotik gorakoa da, eta % 60tik % 100era bitarteko finantzaketa lor dezake. Aurreikusitako ekintzak aurten eta datorren urtean egitekoak dira.

Irailean itxiko den hirugarren deialdia Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioarena da, eta udalerrietan emisio txikiko eremuak ezartzeko eta hiriko garraioaren eraldaketa digital eta jasangarria egiteko dirulaguntza-programa bat da. Udalerriei zuzendua dago, eta datorren ostegunean (irailak 30) amaitzen da eskabideak aurkezteko epea.

Deialdi horren barruan, 2021 eta 2024 artean gauzatzeko 2 ildo nagusi aurkeztu ditu Irunek:

  • garraio publikoaren elektrifikazioan aurrera egitea, autobus elektrikoak eta gainerako ekipamendua erosita, 2. linea elektrifikatzeko 4 autobus elektriko erosteko proposamenarekin.
  • emisio urriko eremuen ezarpena azkartzeko neurriak, hiri-eremu batzuk oinezkoentzako gune bihurtuta eta berrurbanizatuta eta oinezkoentzako ardatzen kanpaina bat eginda. Irunek oinezkoentzako ardatzak hobetzeko kanpaina bat, Santa Elenako berrurbanizazioa eta San Juan eremuaren berrurbanizazioa aurkeztu ditu.

Kasu honetan, finantzaketa populazioaren araberakoa da, eta Irunek 2.848.320 euro jaso ditzake, 63.296 biztanle ditu eta. Autobusen erosketari dagokionez, ibilgailu bakoitzeko diru-kopuru finko bat ematen da (200.000 euro).

Hurrengo deialdiak

 

Bestalde, oraindik deialdirik egin ez bada ere, finantzaketa lortzeko beste bide bat ere lantzen ari gara, eraikin publikoak eta etxebizitzak/auzoak birgaitzeko programa, hain zuzen.

Oraingoz, Irungo Udalak laguntza horien onuradun izateko interesa duela dioen adierazpen bat aurkeztu du, honako proiektu hauek egin ahal izateko:

            Aduana zaharraren eraikina berreskuratzea

            Emigrazioaren eraikinaren barnealdea birgaitzea

            Iñigo Loiolakoaren hiri-eremua

X