Irungo alkateak mugikortasunari buruzko EHU-ko udako ikastaroan parte hartu du

            "Mugikortasun jasangarria, mugikortasunaren jasangarritasuna" izenburupean eta Foru Aldundiako Mugikortasun arloak antolatua, José Antonio Santano Irungo alkateak EHUko udako ikastaro honen lehen jardunaldian parte hartu du astelehen honetan. Jardunaldia Miramar jauregian egiten ari da, eta Ander Iturri Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun zuzendariak zuzentzen du. Irungo alkateak mahai-inguruan parte hartu du Eneko Goia Donostiako alkatearekin eta Nagore Alkorta Azpeitiko alkatearekin batera.

"Horrelako foroetan egotea beti da aberasgarria, aukera ematen baitigu gure esperientzia eskaintzeko eta besteenetik ikasteko. Mugikortasun jasangarriaren alorrean, Irunen urrats asko egin ditugu, eta gehiago egiten jarraitu behar dugu, kontuan hartuta gizarte gisa zer erronka dugun klima-aldaketari aurre egiteko. Irun 30, dagoeneko duela 10 urte, funtsezko mugarria izan zen, eta harrezkero, oinezkoentzako gune gehiago egiten jarraitu dugu, eta bizikleta bidezko mugikortasuna sustatu dugu, eta garraio publikoa indartu", nabarmendu du Santanok.

Alkateak Irun 30aren aurrerapenak azaldu ditu. Aurrendaria izan zen, 2010ean abian jarri zenean, eta datu positiboak ematen ditu. Hamar urte geroago, Irunen ibiltzen diren ibilgailu gehienak 30 km/h inguruan ibiltzen dira, eta ezbehar-tasa ia erdira jaitsi da hiriguneetan. Gai hauek izan ditu azalpenaren ardatz: hirian berotegi-efektua eragiten duten gasak murriztea, Klimarako eta Energia Jasangarrirako Ekintza Plan berria, Irunbuseko 1. linea elektrifikatzea eta gerora L-2ra zabaltzeko aukera, eta urte horietan bidegorrietan egin diren inbertsioak.  

Aurretik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko diputatu Rafaela Romerok txostena azaldu du, eta alkateen mahaiaren ondoren, erakundeetako beste ordezkari batzuek eta nazioarteko zenbait adituk parte hartuko dute ikastaroan.

 

Deskribapena

Uda Ikastaroa aurrez aurre ospatuko da eta online zuzenean parte hartzeko aukera ere egongo da ZOOM bidez.  XXI. mendean mugikortasunaren kontzeptua nonahi ageri dela esan genezake.  Hedabideek asko erabiltzen duten termino bat da, eta espazioari eta haren erabilerari lotutako zientzia arloan aztertzen da. Dena dela, mugikortasunaren kontzeptuak hainbat adiera ditu. Mugikortasunaz ari gara gure eguneroko joan-etorriez, gazteek lanera joateko egiten dituzten joan-etorriez edo lan merkaturako balio gisa hartzen den mugitzeko gaitasunaz hitz egiten dugunean.

Udako ikastaro honetan, besteak beste, eguneroko mugikortasunari lotutako mugikortasun jasangarriaz arituko gara.  Ingurumena errespetatzen duten mugikortasun modu berriei buruz hitz egingo dugu, teknologia berrien eta aurrerapenen gorakadaren une honetan.  Hiri eta landa inguruneari buruzko ikuspegi espezifikoak gehituko ditugu.  Garraio publikoari buruz arituko gara, mugikortasunerako eskubidearen bermatzaile gisa, eta ekitatearen eta gizarteratzearen zerbitzura dagoen elementu gisa. Halaber, aztergai izango dugu bizikleta bidezko mugikortasunaren gorakada.

Garraio publikoaren jasangarritasun ekonomikoaz ere hitz egingo dugu; hau da, garraio publikoaren finantzaketaz. Politika publiko orotan bezala, mugikortasun jasangarriak finantzaketa sistema bat behar du bere helburu sozialak beteko direla bermatzeko. Europako esparrutik helduko diogu finantzazio horri, NextGenEU funtsen azterketa espezifikoa eginez, eta arreta berezia jarriz digitalizazioko eta tarifen integrazioko proiektuetan.

Info gehio: https://www.uik.eus/es/

X