Irungo dendetan erostea, are jasangarriagoa

            Borja Olazabal Ingurumeneko ordezkariak astelehen honetan Irungo hainbat denda bisitatu ditu, poltsa berrerabilgarrien erabilera sustatzeko Irungo Udalak abian jarri duen kanpaina aurkezteko. Luis Marianon hasi da ibilbidea Marbi Goxokiak dendako arduradunekin, Orlegi Produktu Ekologikoak dendan jarraitu du, eta Artian bukatu du, Deperita fruta-dendan.

"Tokiko dendetan erostea kontsumo arduratsuaren sinonimoa bada, are gehiago da poltsa berrerabilgarriak erabiltzen baditugu. Hori da kanpaina honen bidez sustatu nahi dugun ideia. Kanpaina hau, gainera, ikastetxeen eskutik dator, Eskolako Agenda 21i egindako ekarpenei esker, eta gero Aurrekontu Partizipatiboetan hautatua izan zen", nabarmendu du Borja Olazabalek.

Garapen Jasangarriko arloak 13.000 poltsa enkargatu ditu "Erosi Irunen - Compra en Irun" leloarekin, eta udalaren ekintzetan agertzen den jasangarritasunaren logoa ere badarama. Ekimen horren jatorria Eskola Agenda da. Programa horrek udala eta ikastetxeak biltzen ditu, hiria jasangarritasunaren aldetik hobetzen jarraitzeko ekintzak elkarrekin lantzeko, gure natur ingurunea zaintzetik hasita, merkataritza arduratsua sustatzeraino, kasu honetan bezala.

2019-2020 ikasturteko Eskola Agendan parte hartzen duten ikastetxeek egindako proposamenen artean, “dendetan poltsa berrerabilgarriak erabiltzea sustatzeko udal-kanpaina” bat egitea onartu zen, eta, automatikoki, Aurrekontu Partizipatiboetarako ideia bihurtu zen, eta, azkenean, aukeratua gertatu zen. Izan ere, azken urteotan, Eskola Agendaren bidez txikienek helarazten dituzten ideiez ere elikatzen da herritarren ekarpenen artean 1,5 milioi banatzen dituen prozesu hori. COVID-19ak sortutako osasun-krisiagatik, kanpaina ezin izan zen gauzatu 2020an, eta orain jarri da martxan.

Bolsas reutilizables 6

 Janari-dendak, fruta-dendak ...

Garapen Jasangarriko arlotik azaldu dutenez, "helburua da dendakoek erabilera bakarreko plastikozko poltsaren ordez poltsa berrerabilgarria banatzea". Helburua da ahalik eta poltsa berrerabilgarri gehien banatzea saltoki txikien erabiltzaileen artean; izan ere, normalean, denda horietan, erabilera bakarreko plastikozko poltsak banatzen dituzte bezeroen artean.

Asmoa da poltsa berrerabilgarri hori eguneroko erosketari lotua egotea, erakutsiz ohitura ona litzatekeela gure osagaien artean edukitzea; adibidez poltsan sartuta, edo autoan, edo zamarran, edo galtzetako poltsikoan … Horregatik, poltsa hori auzoko dendetan banatuko da, batez ere harategietan, arrandegietan, janari-dendetan, eta abarretan. Beste helburu bat da denda horiek babesten laguntzea, kontuan hartu behar baita saltoki ertain eta handiek baliabide propioak izaten dituztela antzeko ekintzak egiteko. 13.000 poltsa berrerabilgarri banatuko ditu Irungo Udalak.

X