Girabirak ilustrazioari buruzko saioa estreinatuko du igande honetan

Irungo Udaleko Kultura arloak jakinarazi du igande honetan (irailak 19) Girabiraren denboraldi honetako hirugarren hitzordua izango dela. Hiriko parkeetan egiten diren jardueren programak ilustrazioaren gaia estreinatuko du Soroxartan. Parkera hurbiltzen direnek tailerrak egin ahal izango dituzte (aldez aurretik izena emanda), edo kontzertu batez gozatu, edo eskualdeko ilustratzaile batzuen erakusketa ikusi. Uztailean eta abuztuan egin ziren bi ekitaldietan bezala, Girabira barruti hesitu batean egingo da parkean, edukiera mugatuta eta osasun-neurriak betez.

Girabira Ilustrazioak 2021eko edizio honetako aurreko ekitaldietako formatuarekin jarraituko du: lehen zatian, tailerrak eskainiko dira, eta, gero, soul musikako kontzertu bat. Ekitaldi honek bertakoen kutsu handia izango du. Tailerrak emango dituzten ilustratzaileak, erakusketan parte hartu behar dutenak eta musika-taldeko kide batzuk eskualdekoak dira.

10:30ean egingo dira tailerrak, publiko-motaren arabera banatuta: Andrea Escargot, Marte Sorkuntza eta Jon Sáenzek txikienentzako bi tailer zuzenduko dituzte. Euskaraz egingo dira, eta 6 urtetik gorako umeentzat pentsatuta dago. Bestalde, Lorena Martínez arduratuko da gazte eta helduentzako tailer bakarra gidatzeaz.

Bere tailerrean, Andrea Escargot, "Parke batean bizi" izenburuarekin, eguneroko objektu batetik abiatuko da, mundu txiki berri bat asmatzeko. Parkeak eskaintzen dituen baliabideak erabiliko dituzte, eta, ilustrazioaren magiaren bidez, etxe bat eskainiko diegu benetako edo asmatutako izakiei, bertan bizi daitezen.  Marte Sorkuntza Laborategiak, "Sararen abenturak" izenburupean, ilustrazio-tailer bat egingo du, eta liburu bat izango da horren emaitza. Biniloan inprimatutako testu batetik abiatuta, parte-hartzaile bakoitzak ilustrazio bat egin beharko du, eta testua eta irudia nahastuz. Kasu honeta, Sararen abenturek leku desberdinak irudikatzera eramango gaituzte, eta horiek ilustratuko ditugu akuarelekin eta errotuladoreekin. Bestalde, Jon Sáenz del Castillok tailer bat zuzenduko du "Kamishibai"ren inguruan. Istorioak kontatzeko modu japoniar tradizional bat da.

Lorena Martínez Oronozek gazte eta helduentzako tailer bat zuzenduko du (16 urtetik aurrera). Artistak esperientzia handia du ilustrazio-lanetan, eta naturarekin lotura duen tailer honetan barrena gidatuko ditu parte-hartzaileak. Tailer hori gaztelaniaz emango da. Tailer guztiak doakoak dira. Aurretik izena eman beharko da www.girabira.net webaren bidez.

Gainerako jendearentzako 12:00etan irekiko dira ateak, 12:30ean hasiko baita 'Jehlaz & Los Suri Cats', taldearen soul-kontzertua. Bidasoaldearekin lotura estua duen talde berri hau Jehlaz Londresko soul jazz abeslariaren (Dennis Ferrer, Kerri Chandler, Ibadan Records) eta Los suricatos laukotearen arteko topaketa da. Talde horretako kideek ibilbide luzea egin dute acid jazzaren euskal eszenan. Euskal Herrian kokatuta, Jehlaz eta Los Suricatos soul musikaren klasikoak esperimentatu eta biziberritzen dituzte, beren ukitu modernoa emanez. Errepertorio kolorez eta emozioz aberatsa, soul eta rythm & blues notak dituen soinu argia eta originala. Kideak: Jehlaz (ahotsa), Xabier Dols (bateria), Jimmy Bidaurreta (teklatua), Unai Alvarado (gitarra), Ibon Irastorza (baxua).

Soroxartako parkera hurbiltzen direnek eskualdeko ilustratzaileen obra batzuk ere ikusi ahal izango dituzte. Mai Egurza, Andrea Escargot, Jorge Madejón, Lorena Martínez Oronoz eta Patri Tabernaren lanak izango ditugu Soroxarta parkeko zuhaitzen artean ikusgai.

Girabira Ilustrazioarentzat 2021eko edizio honen formatuari eusten zaio. Hala, kontzertua Soroxartako parkean izango da, hesiz inguratutako eremu batean, eta publikoaren sarrerak eta irteerak bereizita egongo dira, edukiera kontrolatu egingo da, eta gel hidroalkoholikoa ere izango da, eta, jakina, segurtasun-distantzia errespetatu eta maskarak erabili beharko dira, eta publikoarentzat aurrez esleituko dira eserlekuak. Kontzertua 12:30ean hasiko da. Sarrerak emanaldia hasi baino 30 minutu lehenagotik hartu ahalko dira, eta ateak 20:15ean zabalduko dira.

Aurreko edizioan bezala, horrelako jarduerak zuzendu ohi dituzten langileei beste batzuk gehituko zaizkie, jarduerak neurri horiek hartuta egin ahal izateko. Ezinbestean, piknikeko mantek eta hamakek berriro itxaron beharko dute Girabiran, baina, gutxienez, belarra zapalduz parkeez gozarazteko helburuarekin itzuli da programa.

X